Indesa enplegu zentro bereziak eta enpresa batzordeak hitzarmen kolektibo berria sinatu dute, 2027ra arte indarrean egongo dena, eta baldintza ekonomikoak hobetzea, lanorduak murriztea eta beste pizgarri sozial batzuk jasotzen ditu. Indesa administrazio publikoen partaidetzako sozietatea da —Arabako Foru Aldundiarena da zatirik handiena—. 900 pertsona inguru ditu bertan lanean, eta haietatik % 90ek desgaitasunen bat du.

Indesa irabazteko xederik gabeko enplegu zentro berezia da, eta haren helburua da desgaitasuna duten pertsonei enplegu egonkorra eta kalitatezkoa ematea, erabateko laneratzea eta gizarteratzea lortzeko. Zentroak enplegu aukera ugari sortzen ditu industria jardueretan eta zerbitzuetan, sukaldean, garbitegian, lorezaintzan eta zentro eta egoitzen garbiketan, eta zerbitzua ematen du sektore publikoan zein enpresa pribatuetan. 

Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatu eta Indesako Administrazio Kontseiluko lehendakariak nabarmendu duenez, hitzarmen berrian jaso da 400.000 euro erabiliko direla urtean lan baldintzak hobetzeko, kalitatezko ordainsari berri baten bidez. Ordainsari hori soldata ordainsari txikienak dituzten lanbide kategoriei aplikatuko zaie. Era berean, urteko lanaldia pixkanaka murriztuko da; hain zuzen, gaur egun 1.633 ordukoa da, eta 1.613 ordukoa izango da 2027an.

Antzinatasuna ere sarituko da; hain zuzen, zerbitzuan emandako hamar urteko, norberaren aukerako egun bat emango da, eta 2022tik aurrera kalkulatutako hirurtekoak ordainduko dira. Norberaren aukerako egunak 5etik 6ra igoko dira, eta 2027rako lanpostuen balorazioa berrikustea erabaki da. Erabakitako hobekuntzen inpaktu ekonomikoa urtean milioi bat eurokoa da. 

Hitzarmen berriak, halaber, beste akordio batzuk jasotzen ditu, hala nola 2024tik aurrera Arabako Foru Aldundiko igoeren pareko soldata igoerak ezartzea, eta produktibitate osagarri bat jasotzea, langileak eguneroko egitekoetan duen errendimenduaren araberakoa. Akordioa langileen batzarrek eta Indesako Administrazio Kontseiluak berretsi beharko dute.

"Akordio honek aurrerapen nabarmena dakar Indesako langileen lan baldintzetan, eta langileen ongizatea hobetzeko baterako ahalegina islatzen du", adierazi du Gorka Urtaranek. Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak, sindikatuen ordezkariei eta enpresako zuzendaritzari negoziazioan "egindako ahalegina eta jarrera konstruktibo eta positiboa" eskertu ondoren, nabarmendu du akordio horrekin Arabako Foru Aldundiak legegintzaldi honetarako bere "konpromiso" batzuk betetzen dituela, hala nola negoziazio kolektiboa bultzatzea, langileen lan baldintzak hobetzea eta soldata txikienak dituzten lanbide kategorien ordainsariak handitzea, bai eta enplegu zentro bereziaren "etorkizuna bermatzea" ere.