Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu Ogetan jokatuko den esku pilotako Andre Maria Zuriaren txapelketaren hiru egunetarako. Finalerdiak abuztuaren 5ean eta 6an jokatuko dira, eta bi kanporaketetako irabazleek finala jokatuko duten abuztuaren 8an.

Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, zozketan parte hartu nahi dutenek osteguneko 23:59 arte eman beharko dute izena, udal webguneko formularioa erabilita. NAN edo AIZ bakoitzeko izen-emate bakarra onartuko da eta beharrezkoa izango da 16 urte beteta izatea. Irabazleen izenak ostiralean jakinaraziko dituzte.

Zozketaren saridunek Ogeta pilotalekuko leihatiletan jaso ahal izango dituzte sarrerak, partida hasi baino ordubete lehenago, 16:15etik 17:15era. Sarrerak zozketan izena emandako pertsonarentzat (NANa erakutsi beharko du horretarako) eta harekin batera joango denarentzat izango dira (adingabea izan daiteke).

Andre Maria Zuriaren txapelketa abuztuaren 5ean hasiko da, Ezkurdia-Bikuña eta Larrazabal-Aranguren bikoteek jokatuko duten partidarekin; ondoren, Artola-Mariezkurrena II.a eta Laso-Albisu aurrez aurre arituko dira lehen finalerdian. Eguna amaitzeko, Senar-Elizegi eta De la Fuente-Aldabe bikoteen arteko partida jokatuko da.

Bigarren finalerdia abuztuaren 6an jokatuko da. 17:15ean Urrutikoetxea-Iztueta eta Dario-Martija bikote ariko dira, eta partida nagusia Altuna III.a-Rezusta eta Zabala-Zabaleta bikoteek jokatuko dute; ondoren, Salaberrria-Eskuza eta Zubizarreta III.a-Salaverri II.a arituko dira.

Bi kanporaketa horietako irabazleek abuztuaren 8an jokatuko dute finala. Azken eguneko partidak 17:15ean hasiko dira, Elordi-Tolosa eta Larrazabal-Imaz bikoteekin, eta, amaitzeko, Bakaikoa-Lizeaga eta Egiguren V.a-Gaskue arituko dira.