Donostiako Miramar Jauregian ospatu berri da UPV/EHUko Uda Ikastaroen 43. edizioaren inaugurazio ofiziala. 140 lagun hurbildu dira: Uda Ikastaroetako antolakuntza batzordeko kideak, ikastaroetako zuzendariak eta hizlariak eta hedabideetako ordezkariak, besteak beste. Halaber, Gonzalo Muga doktore eta EHU Quantum Center zentroko zuzendari ohiak eta UPV/EHUko kolaboratzaileak “Fisika kuantikoa: txigorgailutik ordenagailura” hitzaldia eskaini du irekieran.
Eva Ferreira, UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren presidente eta UPV/EHUko errektorearen hitzekin hasi da ekitaldia. Bere hitzaldian, errektoreak diziplinen arteko espazio liminalaren kontzeptuak unibertsitatean duen garrantzia azpimarratu zuen, eta UPV/EHU bera jarri zuen adibidetzat.
“Gure unibertsitatean ere halako eremuak sortzen ditugu. Diziplina anitzeko proiektuak sustatu nahi ditugu, erronka zientifiko eta sozialei lotuak, gero prestakuntza, ikerketa eta transferentzia bihur daitezen. Enlight, esaterako, asmo handiko proiektu bat da, eta bertan Europako beste 9 unibertsitaterekin gabiltza lanean. Era berean, gure unibertsitatearen eta gure herriaren barruan ere bilatzen ditugu aliantzak. Lankidetzazko ikerketa nahi dugu, eta gure ikergune propioetan arlo desberdinetako ikertzaileek elkarrekin jardutea, askotariko begiradez, arazo konplexuetarako erantzunen bila. Gure Udako Ikastaroek ere ekarpena egiten diete aliantza global horiei ".
Jarraian, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak hartu du hitza. Honek Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroen “berebiziko garrantzian” jarri du arreta. Ez bakarrik “ezagutza gizarte demokratiko baten oinarria” delako, baizik eta, baita ere, bertan jorratzen dien gaiek herritarroi laguntzen digutelako “gure burua munduan kokatzen, arazo zahar eta berriez jabetzen, inguruan ditugun errealitate aldakorrei buruzko iritziak eta ikuspuntuak eraikitzen”. “Behar ditugu ezagutza partekatu eta saretzeko espazioak eta topaguneak. Munduan, gure inguruan eta gure artean bizi ditugun errealitate eta arazo berriei erreparatu eta, adituen eta zientzialarien laguntzarekin, horien inguruan dugun ezagutza eraikitzeko espazioak. Edizio berri esanguratsu eta aberats honek horretarako aukera ere eskainiko digu”, adierazi du.
Halaber, Eneko Goia Donostiako alkateak zera adierazi du: "Miramar jauregian udako hilabeteetan egiten den jarduera akademikoa euskal hezkuntza, unibertsitate eta jakintza sistema osoan egin den lanaren jarraipena baino ez da. Hemen diziplina klasikoek eta egungoek bat egiten dute; ikasle gazteek eta gaietan adituek pasilloak eta ikasgela partekatzen dituzte. Gainera, planteatzen diren galderak gaur egungo gaiekin lotura estua izan ohi dute, gizartea, erakundeak eta herritarrak kezkatzen dituzten gaiekin. STEAM zientziei edo humanitateei lotuago dauden adarrei lotutako gaiak izan, balio handiko hausnarketak eta ezagutzak eskaintzen dizkiguten erreferentziazko ikastaroak dira UPV/EHUko Uda Ikastaroak. Uste dut garai hauetan, guregan arrastorik ia uzten ez duten inpaktuen etengabeko segidan bizi garen honetan, etenaldirako, hausnarketarako, eztabaidarako eta ezagutzak trukatzeko espazioak izatea albiste ona dela eta gero eta premiazkoagoa".
Juan Ignacio Pérez Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuak, Laura Poderoso BBVA Fundazioko zuzendariordeak eta Itziar Alkorta, UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak hartu dute parte ere.