CIC nanoGUNE ikerketa zentroak Ikertzaileak industriarekin lankidetzan deialdia abiarazi du, euskal erakundeen garapen teknologikoa errazteko industria erronkei irtenbide berritzaileak eman diezazkieten goi mailako prestakuntza duten ikertzaileen sarrerari esker.

Donostiako ikerketa zentrotik jakitera eman dutenez, ICRP (Industry Collaborative Research Positions) programaren helburua da ikertzaile profesionalak tokiko erakundeetan sar daitezen erraztea, lantaldeak aberastuz eta beren ekoizpen prozesuetan dituzten teknologia eta berrikuntza erronkei ikuspegi berriak aurkitzeko aukera emanez. "Ziur gaude horretarako gakoa pertsonak direla", esan du Ainara Garcia Gallastegui nanoGUNEko Teknologia Transferentziaren zuzendariak.

NanoGUNEren ikerketa lerroek tokiko enpresek nabarmentzeko dituzten aukerak handitzen laguntzen dute aplikazioak dituzte hainbat sektoretan, hala nola osasunean, energian, fabrikazio aditiboan, ekonomia zirkularrean, automobilgintzan, elikaduran edo teknologia kuantikoetan.

Enpresaren ezaugarrien arabera, nanoGUNEk aholkularitza eskainiko du bere erronkak aztertzeko eta bere beharretara hobekien egokitzen den profila identifikatzeko, eta sartu berriaren banakako proiektua definitzen lagunduko du. Halaber, programak finantzaketa egitura bateratu bat proposatzen du hautatutako pertsona kontratatzeko.

Lantaldeetan profil zientifikoa edo ikertzailea duten langileak sartu nahi dituzten edo profil horiek plantiletan sartzearen abantailak aztertu nahi dituzten tamaina eta sektore guztietako euskal enpresei zuzendua dago deialdia. Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago irailaren 30era arte.