Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak 67 jarduera eskainiko ditu apiriletik ekainera bitarte Ataria Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroan eta Olarizuko Lorategi Botanikoan. Erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, ibilbide naturalistikoak eta familia jarduerak izango dira "helburu dibulgatiboa eta formatu atsegina eta dibertigarria" dituen programan, Gasteizko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

Horrela, Ataria Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroak naturan gozatzeko jarduerak proposatuko ditu, hala nola txorien txioak ezagutzeko tailerrak edo polinizatzaileekin, armiarmekin eta intsektuekin miniaturazko bizitza familian ezagutzeko jarduerak. 'BioAbenturak' ekimenak ere jarraipena izango du aurten eta, Arabako Aldundiarekin elkarlanean, bi parke natural eta Badaia bisitatzeko aukera eskainiko du.

Ostegunetan hitzaldiak izango dira, era askotako gaien ingurukoak, besteak beste, Arabaren bihotza edo laborantzan artropodoek duten garrantzia. Gainera, lurraldeaz familian gozatzeko eta basoa arakatzeko gonbidapena egiten duten liburuak ere aurkeztuko dira.

Udaberriari agur esateko udako solztizioa ospatuko da Atarian, Eguzkia-Lurra-Ilargia sisteman oinarritutako proposamenarekin, eta 'Poetak maiatzean' jaialdiaren baitan bi jarduera egingo dira.

Bestalde, Olarizuko lorategi botanikoan basoko landareak ezagutzeko tailerrak eskainiko dituzte1, sendabelar gisa nahiz sukalderako duten erabileragatik, edo inspirazioko eta sormenerako iturri direlako.

Ibilbide naturalistikoen artean, Europako estrepak ezagutzeko proposamena nabarmentzen da. Gainera, nahi dutenek zertxobait gehiago ezagutu ahal izango dute Jundiz muinoaren edo Arabako Lautadako erroten inguruan.