Euskal Herriko Unibertsitatearen Letren Fakultateko Gradu Aretoan, burutu zen Euskadiko VII. Geografia Olinpiada, Euskadiko Geografoen Elkargoaren Lurralde Ordezkaritzak antolatuta, UPV/EHUren Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saila lankide dela.
Euskal Autonomia Erkidegoko edozein ikastetxe publiko, itundu edo pribatutan batxilergoko 2. mailan matrikulatuta Geografia ikasgaia ikasten duten ikasleek parte hartu zuten.
Egindako proben ondoren, Armentia Ikastolako Unax Oskoz Anituak eskuratu zuen lehenengo postua. Ondoren, Hegoi Amabizka Gamiz, Armentia Ikastolakoa, eta Iskander Berrada Vicario, Bilboko Calasancio-Escolapios Ikastetxekoa. Ikastetxeen artean, Bilboko Calasancio-Escolapios ikastetxeak lortu zuen garaipena.
Geografia Olinpiadaren helburua da ikasleen interesa sustatzea diziplina zientifiko horrekiko. Geografiak lotura estua du lurraldearekin, eta inguratzen gaituen mundua ulertzen eta konprenitzen laguntzen digu, bai ingurune naturala, bai bertan garatzen den giza jarduera.
Bestalde, Norberto López de Lacallek, Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekanikoko katedradunak, Ingeniaritzako Errege Akademiako akademiko hautetsiaren kargua hartu du. Akademiko oso berriak ‘Makina-erremintak dira eta pertsonak dira’ diskurtsoa irakurri du.
“Gure ekonomian horren garrantzitsua den makina-erreminta sektorearen teknikaren egoerari buruzko diskurtsoa da”, azpimarratu du Norberto López de Lacallek. “Sektore honi buruz hitz egitea, aldi berean, zerbitzatzen dituen sektoreez hitz egitea da, denek parte hartzen baitute Espainiako eta Europako ekonomiaren eremu giltzarrietan. Eta, era berean, sektoreko langileen prestakuntza nola zaintzen den eta ikasleak erakarri eta horiek arretaz prestatzea nola bultzatzen den azaltzea da”.