Ur Deposituan egongo da ikusgai gaurtik maiatzaren 26ra arte Mikel Otxotekoren ‘Hondoko planoa’ erakusketa eta gaur inauguratuko du 19:00etan.

Hauxe izango da aurten aurkeztuko diren eta Montehermoso Kulturuneko Proiektu Artistikoen Ekoizpenari Laguntza emateko Deialdi baitan 2023ko edizioan aukeratutako lau proiektuetako hirugarrena. 

“‘Hondoko planoa’ da Otxotekoren ikerketa artistikoko azken lana, baina horren jatorria topatzeko, berrogeita hamar ute egin behar dugu atzera. Izan ere, haren amak, Margarita Olazabalek, Ternuako hegoaldean, Saint-Pierre eta Mikelune uhartedian, bizi izandako esperientziatan eta emakumeak hartutako lehen irudi zinematografikoetan du oinarria. Horrez gain, artistak bereziki nabarmendu nahi izan du itsas luzokerra desagertzeko arriskuan. Hain zuzen ere, Asiako merkatuak gero eta gehiago eskatzen duen espeziea da”, azaldu du Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Beste era batera esanda, era askotako gaiei buruzko gogoeta da: uharteetako populazioen elikadura-subiranotasuna, biologiaren zientziak ekosistemen suntsiketen aliatu gisa, mugatutako baliabide naturalen gehiegizko ustiatzea… Hori guztia lantzeko erreferentzia gisa espezie hori hartu du, hura harrapatu eta biltzeak dituen inplikazio guztiak (ekologikoak, ekonomikoak eta abar) erakusteko.

Mikel Otxoteko Arte Ederretan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, artista eta ikerlari gisa egiten du lan eta Donostian bizi da. 2014an, nazioarteko aipamena jaso zuen ‘Audiovisual Arts and Neomaterialism’ izeneko doktorego-tesiarekin eta New Yorkeko Pratt Instituteko Arkitektura Sailean ikerlari bisitari gisa gonbidatu zuten. 2019tik, Olazabal Artxiboarekin egiten du lan. Artxiboak argazkiak eta Super-8n filmatutako materiala jasotzen du Saint-Pierre (Ternua) uharteari buruzko dokumentazio grafiko ugariz gain. Hain zuzen ere, horixe da Eusko Jaurlaritzak finantzatutako egonaldia egin duen tokia (Frantziako azken lurralde kolonialetako bat).