2023-2024ko ikasturtean, Vitoria-Gasteizko 9 ikastetxetako 339 ikaslek hartu dute parte Gazteria Sailak bultzatutako Hiretu Hiria programan. Horren helburua da gazteen parte-hartzea sustatzea modu praktikoan eta aktiboan.

14 eta 16 urte arteko ikasleek hiria hobetzeko 19 proposamen aurkeztu dituzte eta esparru ugari jorratzen dituzte: osasuna, kultura, mugikortasuna, ingurumena eta jasangarritasuna, besteak beste. Ekimen irabazleak martxoaren 19an Europa Kongresu Jauregiko Maria de Maeztu auditorioan egingo den jaian ezagutaraziko dituzte.Lehen aldiz, proiektu batzuk aurten martxan jarritako Hobetuz Gazte programaren bidez finantzatuko dira. Programak 100.000 euroko aurrekontua izango du 2024rako.

Hiretu Hiriaren edizio berriaren eta ‘Gasteiz Hobetuz Gazte’ programaren inguruko xehetasun guztiak prentsaurrekoan azaldu zituzten. Bertan izan dira Gazteriaren zinegotzia, Ana López de Uralde; Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzia, Miren Fernández de Landa; eta Koldo Mitxelena Institutuko Aizpea Fernández, Aimar González, Nabil Nechadi eta Ekhiñe Salazar ikasleak.Gazteria zinegotzi Ana López de Uraldek ikastetxeen eta ikasleen partaidetza eskertu du, “hiria hobetzen inplikatzeagatik eta elkarrizketaren eta adostasunaren bidez konponbideak bilatzen saiatzeagatik. Horixe da Hiretu Hiriaren oinarrietako bat: gazteek beren kezkak eta ardurak adierazi ahal izatea, eta horiek konpontzeko orientazioa eta aholkularitza aurkitzea. Hartara, entzuten dietela sentituko dute, eta Gasteizerako etorkizun hobeari buruz erabakitzeko gaitasuna dutela”.