Lan merkatuarekin, osasungintzarekin eta etxebizitzarekin zerikusia dutenak dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren arazo nagusiak, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako 82. Euskal Soziometroa txostenaren arabera.
Hain zuzen, EAEko gizartearen lehen kezka lan merkatuarekin lotutako arazoak dira berriz ere, 2021ean hasitako beheranzko joerarekin jarraitzen badu ere. Biztanleriaren %48k aipatu du hiru arazo nagusien artean; 2021ean %61ek aipatu zuen, eta ordutik behera egin du etengabe.
Horren ondotik, kezka nagusien artean alde handiz datoz osasungintzarekin (%35) eta etxebizitzarekin (%25) zerikusia duten arazoak, eta jarraian ekonomiari lotutakoak (%21).
Kopuru apalagoetan, delinkuentzia eta segurtasunik eza (%12), zerbitzu publikoen funtzionamendua eta estaldura eta laguntzak (%12), egoera politikoa eta politikariak (%11) eta hezkuntza (%11) ageri dira.
Bestalde, EAEko biztanleriak 10etik 7,0 punturekin balioetsi du bere egungo egoera pertsonala, eta 7,3 punturekin urtebete barru izango duena. Balorazio hori 1995tik jasotako altuena da. EAEren egungo egoeraren balorazioa 6,0 puntukoa da, eta 6,1ekoa urtebete barrurako espero dena.
Espainiaren egoerari dagokionez, egungo egoeraren balorazioa 4,8 puntukoa da, eta ez da espero aurten aldatuko denik, urtebete barruko balorazioak puntuazio bera jasotzen baitu.
Bestalde, EAEko biztanle gehienek politikarekiko interes gutxi edo batere interesik ez dute oraindik ere (%64), 2010etik interesak goranzko joera badu ere; momentu hartan %20k agertzen zuen interes handia edo nahikoa, eta portzentaje hori handitzen joan da egungo %35eraino.
Begikotasun politikoei dagokienez, EAJ da herritarren artean begikotasun handiena sortzen duen alderdia, 4,6 puntuko batez bestekoa baitu 0tik 10erako eskalan; ondoren daude EH Bildu (4,2), PSE-EE (4,2), Elkarrekin Podemos (3,5), PP (1,9) eta Vox (0,9).
BURUZAGI POLITIKOAK
EAEko hainbat alderdik zerrendaburuak aldatu dituzte Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetarako, eta, beraz, liderren ezagutza orain artekoa baino txikiagoa da. Ezagunenak Elkarrekin Podemos-eko Miren Gorrotxategi (%43) eta PSE-EEko Eneko Andueza (%38) dira, egun Eusko Legebiltzarrean eserleku bana dutenak; EAJko Imanol Pradalesen ezagutza maila %37koa da, eta EH Bilduko Pello Otxandianorena %34koa; PPko Javier de Andresek %31eko ezagutza maila du, eta Vox-eko Amaia Martinezek %17koa.
Testuinguru horretan, balorazioak ere aldatu egin dira aurreko soziometroekin alderatuta: bostetik gorako puntuazioak lortu dituzten bakarrak EH Bilduko Pello Otxandiano (5,3) eta EAJko Imanol Pradales (5,0) dira, eta kopuru horretatik apur bat behera geratu dira Elkarrekin Podemos-eko Miren Gorrotxategi (4,7) eta PSE-EEko Eneko Andueza (4,4); Vox-eko Amaia Martinezen (3,5) eta PPko Javier de Andresen (2,8) balorazioak baxuagoak dira.
Azkenik, herritarren %44 "soilik euskal herritar" edo "euskal herritar espainiar baino gehiago" sentitzen da, %39 "euskal herritar bezain espainiar", eta %9 "espainiar euskal herritar baino gehiago" edo "bakarrik espainiar". Gainera, EAEko biztanleen %38 independentziaren aurka dago, %33 independentziaren alde edo kontra legoke egoeraren arabera, eta %23 alde dago.