Tokiko Gobernu Batzordeak gaur eman dio onarpena hurrengo urtean Gasteizko espazio publikorako energia elektrikoa hornitzeko kontratuari. Iberdrola clientes enpresa arduratuko da hornikuntzaz sei milioi euroren truke.

Aurtengo ekainean, energia-iturri berriztagarrietatik edo eraginkortasun handiko kogeneraziotik datorren energia elektrikoa hornitzeko esparru-hitzarmenarekin bat egitea onartu zuen Udalak. Udalak Arabako Foru Aldundiarekin batera erosketen zentralera atxikitzea erabaki zuen eta gaur esleitu dute kontratua. Horren helburua da espazio publikoan energia elektrikoa hornitzea. Argiteria publikoa izango da horren hartzaile nagusia, baina beste baliabide batzuek dituzten beharrei ere erantzuten die (ureztaketa, adibidez).

Bestalde, Gasteizko Udaletik prentsa-ohar baten bitartez gaur bertan azaldu dutenez, Tokiko Gobernu Batzarrak, Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak proposatuta, Zurrupitieta kaleko zorua hobetzeko obra Alvargonzález Contratas eta Construcciones Amenábar enpresek osatutako ABEEari esleitzea onartu du gaur, 567.402,99 euroan. Jundizko bide horretako lanek hiru asteko gauzatze-epea dute.

Zoladura Zurrupitietako 3.410 metro karratuko eremuan hobetuko da, Lermandabide eta Zuazobidea arteko tartean. Kontratu honen xedea zoruaren narriadura zuzentzea da; izan ere, hondamenak, pitzadurak, hondoratzeak eta asfaltoaren mailatik beherako kutxetak ditu zoruak. Proiektuaren xedea da inguruko zorua sendotzea, 12 eta 6 cm-ko lodierako fresaketa bidez, eremu bakoitzaren narriadura-mailaren eta aglomeratua birjartzearen arabera.