Urtarrilaren 13an itzuliko dira Larunbat musikalak. Formatu txikiko kontzertu eta ekitaldien ziklo horretan, antzinako musika, musika klasikoa, garaikidea, zarzuela nahiz beste kultura batzuetako musikak izaten dira. Arte Ederren Museoa du agertoki nagusi, eta hamar kontzertu izaten dira (hilean bat, udako bi hilabetetan izan ezik).

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak 2024ko programazioa aurkeztu du gaur. Adierazi duenez, "programazioa askotarikoa izango da aurten ere, eta bultzada berezia emango zaie gazteei eta tokiko artistei. Soinu eskaintza desberdina izango da, azken batean".

Izan ere, ziklo horretan bertako artista ugari izaten da beti, baina, era berean, beti egoten da tokia Euskadiko eta Espainiako beste leku batzuetako interpreteen talenturako eta garapenerako. Edizio honetan, gainera, sailak duela hogei urte baino gehiagotik antolatzen dituen beka artistikoen laguntza jaso duten hainbat pertsonak hartuko dute parte, baita beste erakunde batzuen bekak jaso dituzten artistek ere.

Kontzertu guztietarako sarrera librea izango da tokiak bete arte.

El pincel mágico

Urtarrilaren 13an, 12:30ean, Arte Ederren Museoan, Iluna Producciones nafarrek El pincel mágico ipuin musikala aurkeztuko dute; Gabonak luzatzeko asmoz, Errege Magoek haurrei egingo dieten azken oparia izango da (hiru urtetik aurrerako umeentzat gomendatua).

El pincel mágico ipuin musikal soila da, berdintasunaren alde borrokatzen duena eta musika klasikoa hurbiltzen diena txikienei. Obrak maisuen zati ezagunak ditu, hala nola, Mozart, Lisztt, Beethoven, Vivaldi. Rossini eta Massenet-enak, bai eta haurrentzako egokitutako hitzak ere. Mugak gainditzeari buruzko istorio dinamiko, baikor eta bizia da, umeek erraz jarraitzeko modukoa.

Iluna Producciones hogei urte baino gehiago dituen eta antzerki testualean espezializatuta dagoen konpainia eta ikuskizun ekoizlea da. Azken hamarkadan haurrentzako 1.000 emanaldi baino gehiago egin dituzte. Raquel Sanchez Corcuera eta Miguel Goikoetxandia izango dira oholtza gainean oraingoan.

2023an 1.100 entzule baino gehiago izan dira