2023ko bigarren hiruhilekoan, 3.205 jaiotza izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta zifra hori aurreko urteko aldi berean erregistratutakoa baino % 3,9 txikiagoa da, Eustaten datuen arabera. Nolanahi ere, urtean metatutako beherakada % 4,6ra iritsi da. Lurraldeka, beherakadarik handiena Araban gertatu da (% 8,9). Bizkaian, % 3,6ko beherakada izan da, eta Gipuzkoan, berriz, % 1,5ekoa. Zifra absolutuetan, Bizkaian 1.577 haur jaio dira, Gipuzkoan 1.077 eta Araban 551.

2023ko apirilean, maiatzean eta ekainean, ezkontzaz kanpoko jaiotzak guztien % 49,6 izan dira, eta, beraz, ehuneko hori 2022ko hiruhileko berean erregistratutakoa baino txikiagoa izan da (% 50,4 2022an). Ehuneko hori % 52,9ra iritsi da Bizkaian (Euskal AEko batezbestekoa baino handiagoa), % 47ra Araban eta % 46,2ra Gipuzkoan.

Jaiotza-hurrenkeraren arabera, ia erdiak (1.509 haur) lehen semeak edo alabak izan dira 2023ko bigarren hiruhilekoan, baina 2022ko hiruhileko berean baino % 5,8 gutxiago izan dira. Beste 1.230 haur (% 38,4) beste seme edo alaba bat zegoen familietan jaio dira, eta hirugarren seme edo alaben edo hortik gorakoen jaiotzak, berriz, % 14,5 izan dira.

Jaiotzak amaren adinaren arabera banatuta, 30-39 urteko amen taldea izan da nagusi berriz ere (jaiotza guztien % 68,2). Aurreko taldea baino askoz ehuneko txikiagoekin kokatu dira 25-29 urteko amen taldea (% 14,2) eta 25 urtetik beherakoena (% 6,8); 40 urtetik gorako amen taldean, berriz, haurren % 10,8 jaio dira.

Ama ezkongabeen amatasun-adina amen multzo osoarena baino txikiagoa izan da. Izan ere, ama ezkongabeen % 9,8k 25 urte baino gutxiago zituzten, eta % 17,3k, berriz, 25-29 urte. Nolanahi ere, 40 urtetik gorako ama ezkongabeen ehunekoa % 11,2ra iritsi da.

Euskal AEn, 2023ko udaberriko hilabeteetan izan diren jaiotzen % 32,1en kasuan, amak atzerriko nazionalitatea zuen. 2022ko aldi berean, ehuneko hori % 29,1era iritsi zen. Lurraldeka, Araban % 41,9 izan dira, Bizkaian % 31,3 eta Gipuzkoan, berriz, % 28,4.