Ertzaintza segurtasunaren arloan nazioartean erreferentzia den eta 2023ko azaroaren 14tik 17ra bitartean París-Nord Villepinte Erakustazokan egingo den ekitaldian izango da. Milipol Frantziako Barne Ministerioak antolatzen du hainbat gobernu-organismorekin elkarlanean. Europako segurtasunari eta babesari eskainitako azokaren 23. edizio honetan 1.000 erakusketari elkartuko dira eta 30.000 bisitari baino gehiago espero dira.
Edizio honetan Ertzaintzak stand bat jarriko du Parisko segurtasun-azokan. Aukeratu den leloa da Ertzaintza: liderando desde la igualdad, berdintasuna gidari, eta gunera hurbiltzen diren pertsonak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez artatuko dituzte bai haien galderei eta kontsultei erantzuteko bai proiektuak aurkezteko, era honetako ekitaldietan ohikoa den moduan. Standa bisitatzen duten pertsonei Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ertzaintzaren barruan emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrarekin hartuta duen konpromisoa ere helarazi nahi zaie.
MILIPOL 2023 azokan Ertzaintzaren buruan Kanpo Lankidetzako Burutza izango da, eta aditzera emango ditu euskal poliziak polizia integral gisa betetzen dituen eginkizunak eta herritarrei ematen dien hurbileko zerbitzua, gizarte modernoarekin lerrokatuta eta, standaren leloan islatzen den bezala, emakumeen ordezkaritza gero eta handiagoa izanda.
Horrez gainera, Ertzaintzak partaide duten I+G+b-ren arloko Europako proiektuak ere azalduko ditu, gizartearekin hartuta duen konpromisoa eta egiten duen ahalegina agerian jarriz, beti saiatzen den aldetik ikerketan, berrikuntzan eta segurtasunean joera eta teknologia berriak ezartzen, teknologiaren eta ikerketa zientifikoaren arloko beste segurtasun-agentzia eta enpresa batzuekin lankidetzan, mehatxu eta metodologia kriminal berriei aurre egiteko. Besteak beste, Appraise, Cyberspace, Engage, Impulse, Ingenious, Prepare, S4AllCities edo Trace proiektuek laguntzen dute Ertzaintzak gaur egungo euskal gizartearen premiei erantzun eguneratuak eta eraginkorrak eman ahal izaten.
Ertzaintzak bi helbururekin parte hartzen du azoka honetan: alde batetik, erakundea, Euskadiko segurtasunaren ardura duen polizia integral gisa, nazioartean sendotzeko lanak bultzatzeko; eta, bestetik, beste segurtasun-organismo batzuekin harremanak sustatzeko, bereziki nazioarteko esparruan. Ertzaintzak munduko segurtasun azoka honetan parte hartzen duen bosgarren aldia da, eta aurretik 2007ko, 2015eko, 2017ko eta 2019ko edizioetan parte hartu zuen.