Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak A-1 eta AP-1 errepideak Burgos/Madrilerako noranzkoan lotzeko adarra errei batetik bira handitzeko proiektua aurkeztu dio gaur Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioari.

Nogalesek, Ministerioaren Madrilgo egoitzan egindako bileraren ondoren, azaldu du bi erakundeen artean "sintonia" handia dagoela proiektuaren inguruan, eta honako hau adierazi du: "Aurreikusitako egutegia betetzeko moduan gara: obrak urte hau amaitu baino lehen lizitatu, eta 2024an gauzatzen hasi".

"Trafiko handiko egunetan (udako oporrak eta Aste Santua) leku horretan izaten diren auto ilarak eragotziko ditu jarduketa honek, eta aukera emango die arabarrei, bai eta egunero inguru horretatik igarotzen diren milaka eta milaka gidariri ere, erosoago eta seguruago bidaiatzeko", gaineratu du.

Foru diputatuak eskerrak eman ditu "Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak hitzarmena betetzeko eta Arabarako proiektu estrategiko honen kostua bere gain hartzeko duen prestutasun eta borondate erabatekoagatik", eta zehaztu du esku hartze hori osatzeko bigarren fase bat izango dela, Gasteizerako adarraren edukiera handitzeko.

Kalkulatutako aurrekontua 16 milioi euro da, eta Espainiako Gobernuak finantzatuko du oso-osorik.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak hitzarmen bat sinatu zuten 2022an, Armiñongo lotunearen edukiera azken urteetan (eta bereziki AP-1 ordainpeko autobide zaharra liberalizatu zenetik) izandako trafiko areagotzera egokitzeko. Trafiko areagotze horrek auto ilarak sortzen ditu trafiko handiko egunetan, hala nola udako oporretan eta Aste Santuan.

Hitzarmen horren arabera, Arabako Foru Aldundiak bere gain hartuko du proiektu teknikoak idazteko ardura, bi alderdiek aldez aurretik itundutako ezaugarriekin, bai eta eragindako Arabako ondasunen desjabetzea eta obren kontratazioa eta zuzendaritza ere. Garraio Ministerioak, berriz, bere gain hartuko du obren finantzaketa osoa, bai eta proiektuen idazketaren, laguntza teknikoaren eta desjabetzeen finantzaketa ere. Kalkulatutako kostua 16 milioi euro da.

Bi fasetan zabalduko dute Armiñongo lotunea. Lehenengo faseko obrak aurten bertan lizitatuko dituzte, ziur aski, eta 2024an egin. Fase horretan, errei batetik bira handituko dute A-1 eta AP-1 errepideak Burgos/Madrilerako noranzkoan lotzeko adarra; bigarrenean, berriz, bi erreitik hirura handituko dute AP-1 eta A-1 errepideen arteko elkargunea, Gasteizerako noranzkoan. Bigarren proiektu horren lizitazioa 2024an egingo dute, ziurrenik.