2021/22 ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoan zentroak dituzten unibertsitateek 70.503 matrikula erregistratu zituzten, aurreko ikasturtean baino % 0,8 gehiago, Eustatek dituen datuen arabera. Matrikulek bosgarren urtez jarraian egin dute gora, eta 2004/05 ikasturtetik 70.000 matrikula gainditu dituen lehenengo ikasturtea da.

Hamar ikasletik zazpik aukeratu zuten unibertsitate publikoetan ikastea. Proportzio hori graduko ikasketetan mantendu zen, baina egoera bestelakoa izan zen goiko mailetako ikasketetan. Masterreko ikasleen % 40k aukeratu zuten sistema pribatua, eta % 14k baino ez zuten aukeratu doktorego-tesia egiteko.

Emakumeak unibertsitateko ikasleen % 54 izan ziren. Hala ere, sexuen araberako banaketa ezberdina izan zen aukeratutako ikasketa-eremuaren arabera. Horrela, osasunaren edo gizarte-zerbitzuen eremuan, edo hezkuntzarenean, emakumeak % 70etik gora izan ziren. Gradu feminizatuenak Haur Hezkuntza, Pedagogia eta Erizaintza izan ziren.

Beste muturrean, ikasketa teknikoen eremuan gizonak izan ziren gehiengoa. Emakumeak % 10 baino gutxiago izan ziren Itsas Ingeniaritzako, Automobilgintzaren Ingeniaritzako, Industria Digitaleko edo Ingeniaritza Mekatronikoko graduetan matrikulatutako ikasleen artean.

Negozioen eta zientzien sektoreko titulazioetan ikasleen banaketa parekidea izan zen.

Titulazio bikoitzak titulazioak banaka egiteko behar den baino denbora laburragoan bi titulazio aldi berean egiteko aukera ematen duten programak dira. 2021/2022 ikasturtean, 3.059 pertsona matrikulatu ziren gradu bikoitzetan, aurreko ikasturtean baino % 5 gehiago. Ondorioz, era honetako ikasketek sortu zirenetik izan duten goranzko joera mantendu zen.

Gradu bikoitzen eskaintza handiagoa izan zen unibertsitate pribatuetan, eta horixe erakusten dute matrikulazio-datuek: gradu bikoitzetako 10 ikasletik 7k aukeratu zuten ikasketak egiteko unibertsitate pribatu bat.

Hala ere, azken urteotako bilakaera ezberdina izan da unibertsitate-zentroaren titulartasunaren arabera. Unibertsitate pribatuek lau urte daramatzate pixkanaka eta etengabe gora egiten, 2.100 matrikularen inguruan; unibertsitate publikoek, aldiz, bikoiztu egin dute ikasle-kopurua denbora horretan. Alde horretatik, nabarmendu behar da azken ikasturtean matrikula-kopuruan izan den igoera unibertsitate publikoan gradu bikoitzetan egindako aurrerapenaren ondorio izan daitekeela.