Uda gaurkotasuneko gaiak sakon, urteko gainerako saioetako ohiko informazio-azkartasunetik aldenduta, lantzeko une egokia izaten da. Horregatik, urte-sasoi hau une ezin hobea da  ‘Kazetaritza, bertatik bertara’ jardunaldiak egiteko. Egitasmoa abuztuko azken astean egingo da, abuztuaren 28tik irailaren 1era. Kazetariek eta adituek landutako egungo gaiak azaleratuko ditu, herritarrei irekitako eztabaidarako eta hausnarketarako guneak sortzeko.

1. edizioa, batez ere, ibilbide profesional zabala duten kazetari eta fotokazetarien ikerketa-lanak eta esperientziak lantzera bideratuko da. Arretagune nagusia azken hilabeteotan nazioarteko arreta erakarri duten gatazkak izango dira: Errusia-Ukraina gerra, AEB-Txina arteko norgehiagoka komertziala eta teknologikoa, adimen artifiziala, Israel-Palestina gatazka edo migrazio-krisiak, besteak beste.

Programa konferentziatan eta mahai-inguruetan antolatu da eta izen handiko kazetariek hartuko dute parte: bi errealitateak, bertakoa eta kanpokoa, ondo ezagutzen dituzten korrespontsalek, berriemaile bereziek, fotokazetariek eta atzerriko eta Estatuko komunikabideetako berriemaileek. Aurten, era horretako informazioa ematen prestigio eta esperientzia handia duten kazetariak eta fotokazetariak iritsiko dira Gasteizera: Lys Arango, Daniel Landa, Jesús A. Núñez Villaverde, Ura Iturralde, Sara Gómez Armas, Mikel Mancisidor, Javi Julio, Agus Morales etaemedios Zafra.

Hitzaldiak eta mahai-inguruak 12:00etan eta 19:00etan izango dira Europa Biltzar Jauregian eta sarrera librea izango da, tokia bete arte.

Egun bakoitzaren amaieran, 21:30ean, egunean zehar landutako edukiekin lotutako filmen ziklo bat egingo dute. Emanaldi horiek Florida zinemetan egingo dituzte, eta sarrerak 3 euro balioko du. Aurreko edizioan gehitutako berritasunarekin jarraituta, irailaren 1ean, ostiralean, Play Gasteizekin elkarlanean, proiekzioa aire zabalera, Aihotz plazara, aterako da. Bertan, David Fincher-ek zuzendutako “La red social” filma eskainiko da eta Mark Zuckerberg eta iraultza eragin zuen Facebook sare soziala izango dira protagonistak.

Gainera, Parisen bizi den Lys Arango kazetari eta argazkilariaren argazki-erakusketa ere ikusgai izango dugu: “Hambre” (gosea). Frantziako Kultura Ministerioak finantzatu eta Bibliothèque Nationale de France liburutegiak zuzendutako “Frantziaren erradioskopia: osasun-krisiak zeharkatutako herrialdearen inguruko begiradak” izeneko enkargu nazional handi baten baitan sortutako argazki-bilduma da. Gasteizera iritsiko den erakusketak argitaratu gabeko 12 argazki izango ditu eta Gasteiz Hiribidean egongo da ikusgai erakusketa, Europa Biltzar Jauregiaren alboan, abuztuaren 11tik irailaren 3ra.

Kultura eta Hezkuntza arloko zinegotziak, aurtengo jardunaldien inguruko balorazio positiboa egin du: “‘Kazetaritza, bertatik bertara’ egitasmoaren IX. edizioak oso programazio interesgarria eta gaurkotasun handikoa ekarriko ditu. Horrek azken hilabeteotan mundua beldurrak airean izan duten nazioarteko gatazka batzuetara gerturatuko gaitu. Jarduera horiek guztiak, gainera, Gasteizenera etorriko diren kazetaritza arloko profesional handien eskutik iritsiko zaizkigu”.