Euskal AEko barne-produktu gordina (BPGa) % 0,5 igo da 2023ko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta ondoz ondoko hamabigarren hiruhilekoa da zeinean hiruhilekoen arteko tasak positiboak diren, Euskal Estatistika Erakundeak Eustatek egindako Hiruhileroko Kontuen Aurrerapenaren kalkuluen arabera. 2022ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, Euskal AEko BPGa % 1,6 igo da.
Hala,eta ildo horretatik jarraituz, Eustaten txostenean gaineratu dutenez, "aurrerapen hau egitean eskura zegoen koiunturazko informazio ekonomikoaren arabera, jarduera pixka bat desazeleratu da urtetik urtera", Euskal AEko ekonomiaren sektore nagusietan. "Hala ere, bilakaera positiboa da oraindik ere", erantsi egin dute bertatik.
Ildo horretatik, enplegua, lanaldi osoaren baliokide diren lanpostu gisa neurtuta, % 0,7 igo da 2023ko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, % 1,5eko hazkundea aurreikusten da. Laugarren hiruhilekoz jarraian, lanaldi osoaren baliokide diren milioi bat lanpostu baino gehiago daude okupatuta.
Irailaren 19an, Eustatek BPGaren eta enpleguaren zenbatespen bereiziak argitaratuko ditu 2023ko bigarren hiruhilekoko Hiruhileroko Kontuetan, Aurrerapen hau egitean eskura ez zegoen koiunturazko informazio ekonomikoa erantsi ondoren.
Bestalde, Euskal AEko barne-produktu gordina (BPGd-a) % 2,3 igo da 2023ko lehen hiruhilekoan, urteen arteko terminoetan, Eustaten datuen arabera. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, 2022ko laugarren hiruhilekoarekin, hiruhilekoen arteko hazkuntza % 0,5ekoa izan da.
Enplegua, denbora osoaren baliokide diren lanpostuen terminoetan neurtuta, bestalde, % 0,3 igo da urteko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta; alegia, % 1,5eko igoera izan du, 2022ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.