Lurreko telebista digitaleko gaur egungo sareen arkitektura baliabideetan eta estalduran oso eraginkorra den transmisio-sistema baten oinordekoa da. Lurreko telebista digitalaren estandarrak asko aldatu dira azken 20 urteetan, baina sarearen arkitekturak aldaketa gutxi izan ditu XX. mendearen amaieratik. Herentzia horrek muga handiak ditu multimedia-zerbitzuen belaunaldi berri baterako trantsizioa egiteko eta zerbitzu horiek konektagarritasun-esparru berrietan integratzeko. Arazo horiei aurre egiteko, UPV/EHUk American Television Standards Committee (ATSC) estandarizazio-foroan parte hartzen du sare horiek birdiseinatzen.

TSR taldeak ATSC 3.0 estandarren familia (NextGen-TV ere deitzen zaio) sortzen lagundu du 2013az geroztik. Beste teknologia batzuen artean, BroadcastNode eta Broadcast Core Network kontzeptuak sartu ditu, zeinek adimena eta beste sare batzuekiko konektagarritasuna ematen baitiete lurreko telebista transmititzeko zentroei. Proposamen horiek Rufino Cabreraren Core Network-based Nodes for Next-Generation Broadcasting Transmitter Facilities doktoretza-tesiaren esparruan aztertu dira. Nodo horrek telebista digitaleko sareen egungo azpiegitura beste sare batzuekin konektatzeko aukera ematen du: 5G mugikorrak, Internet of Things (IoT), ibilgailuetakoak (V2V, V2X) eta wifia. Sareen arteko pasabidea izateaz gain, zenbait zerbitzu telebista tradizionalarekin bateratzeko aukera ematen du.

Nabshow azokan aurkeztutako erakuslea telebista digitalaren zerbitzua eskaintzeko oinarrizko modulu guztiak (telebista-transmisiorako estudioa eta bi ATSC 3.0 transmisore) dituen sare-prototipo bat da. Sistemak bi noranzkoko komunikazioa du transmisoreen artean, eta IoT sentsore-sare batekiko lotura ere bai; sentsore horien bidez, soinua, argiztapena, tenperatura eta presio atmosferikoa monitorizatzen dira zerbitzu-eremu bakoitzean. IoT datuak modu interaktiboan partekatzen dira gainerako estaldura-eremuekin. Transmisore arteko bi noranzkoko komunikazio hori berrikuntza eta aurrerapauso handia izan da. 2023ko Nabshow erakusleiho ezin hobea izan da UPV/EHUren lana ikusgai jartzeko.

TSR taldeak, Kanadako CRC (Communications Research Center) eta Hego Koreako ETRI (Electronics and Telecommunications Research Institute) ikerketa-zentroekin lankidetzan, teknologia propio bat garatu du, Layered Division Multiplexing (LDM) deritzona. Teknologia hori ATSC 3.telebista estandarrean sartu zen 2015ean. Estandar hori hedatze-fasean dago Estatu Batuetan eta Hego Korean, eta Indian eta Brasilen erabiltzeko aztertzen ari dira.