GOFE Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen Administrazio Kontseiluak Gasteizen titulartasun pribatuko zentroetan adinekoentzako egoitza plazak kontratatzeko espedientea onetsi du, 55,2 milioi euroko zenbatekoan, datozen lau urteetarako. 319 plaza kontratatuko dira, gaur egun daudenak baino ehun bat gehiago, hau da, 3,4 milioi euroko inbertsio gehigarria egingo da urtean.
Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailari atxikitako erakunde autonomoaren akordioak duela lau urtetik indarrean dagoen Gasteizko egoitza zentroak homologatzeko esparru akordioa ordezten du, non ezartzen baitira egoitza plazak GOFErekin hitzartzeko interesa duten erakundeek bete behar dituzten baldintza administratibo eta teknikoak.
Esparru akordio berri horren bidez, beste 93 plaza hitzartuko dira, zeinak aurreko akordioan hitzartutako 226 plazei gehituko baitzaizkie. Igoera horri Zuia eta Aiaran urte hasieratik hitzartutako beste zazpi plaza erantsi behar zaizkio. Guztira, esparru akordio berria indarrean jartzen denean, Arabak adinekoentzako foru erantzukizun publikoko 1.300 egoitza plaza izango ditu.
Plaza kopurua areagotzearekin batera, esparru akordio honek baditu berritasun nagusi batzuk, adineko pertsonen arretan kalitate hobea eta zaintza pertsonalizatuagoa bilatzen dutenak, egoiliar bakoitzak zer ezaugarri dituen.
Gainera, lehen aldiz eskatzen du gerokultoreek gutxieneko ordainsariak izan behar dituztela. Horiek horrela, gerokultoreen kategoriako soldataren osagairako hartu den erreferentzia prezioa egoitza pribatuen estatuko hitzarmenaren gainetik dago.
Finkatzen diren langile ratioek gaur egun indarrean dagoen egoitzen 2019ko dekretuan ezarritakoak gainditzen dituzte, eta horrez gain, Eusko Jaurlaritza egiten ari den dekretu berrian jasotako aurreikuspenen gainetik daude.
Esparru akordio honetan sartzeko, egoitzek beren plaza baimenduen erdia, gutxienez, eskaini beharko diote GOFEri, hau da, duela lau urte baino bi aldiz gehiago. Baldin eta egoitzako plazen % 50 bete bada benetan, eskatuko dena da bai ratioak bai gutxieneko ordainsari baldintzak esparru akordioan zentroko langile guztientzat ezarritakoak izatea.