2023ko martxoan, Euskal Autonomia Erkidegoko hotel-establezimenduetako sarrerak % 23,4 igo dira, eta gaualdiak % 23 urte arteko terminoetan, Eustaten datuen arabera. Erregistratutako 258.063 sarrerek 481.962 gaualdi ekarri dituzte.
"2023ko martxoan, sarrera guztien (% 34,5) eta gaualdien (% 35,8) herena baino zertxobait gehiago atzerritarrenak izan dira; haietan, sarrerak % 34,8 igo dira, eta gaualdiak % 34,0. Bestalde, Estatutik etorritako sarrerak eta gaualdiak % 18,1 eta % 17,7 igo dira, hurrenez hurren, urtetik urtera", azaltzen du Euskal Estatistika Erakundeak egindako azken txostenean. Araban 35.866 sarrera eta 69.923 gaualdi erregistratu dira, aurreko urteko martxoan baino % 17,8 eta % 18,7 gehiago. Bizkaian % 24,0 gehitu dira sarrerak eta % 23,6 gaualdiak; guztira 113.340 sarrera eta 211.883 gaualdi izan dira. Gipuzkoan 108.857 sarrera erregistratu dira 2023ko martxoan, 2022ko martxoan baino % 24,7 gehiago, eta 200.156 gaualdi, aurreko urteko hil berean baino % 23,9 gehiago.
Hiriburuka, sarreren kopurua % 30,1 igo da Donostian, % 27,8 Bilbon eta % 23,0 Gasteizen. Era berean, aurreko urteko martxoaren aldean, gaualdien gehikuntza % 28,8koa izan da Donostian, % 29,0koa Bilbon eta % 22,1ekoa Gasteizen.
Euskal Autonomia Erkidegoko hotel-establezimenduetako batez besteko egonaldia, 2023ko martxoan, 1,87 egunekoa izan da, 2022ko hil berean lortutakoaren antzekoa. "Errentagarritasuna, ADR edo eguneko batez besteko tarifaren bidez neurtua (komuna duen logela bikoitzari aplikatua, soilik ostatu-erregimenean), 84,7 eurokoa izan da 2023ko martxoan Euskal AEn, hau da, % 15,6ko igoera gertatu da aurreko urteko martxoaren aldean", esan eta gaineratzen da txostenean: "ADRa 87,7 eurokoa izan da Gipuzkoan, 84,8 eurokoa Bizkaian eta 75,9 eurokoa Araban. Hiriburuetan aldeak handiagoak izan dira; izan ere, ADRa 100,5 eurokoa izan da Donostian, 91,5 eurokoa Bilbon eta 66,6 eurokoa Gasteizen".