Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak 406.611 euroko inbertsioa egin dute Olabide ikastolara eta ingurura errepidez, oinez eta bizikletaz iristeko sarbideak hobetzeko "ikasle ugari ibili ohi den eremuaren bideko segurtasuna hobetu ahal izateko". Duela gutxi amaitu dituzte lanak eta galtzada zabaltzea eta espaloi, bidegorri eta argiteria berriak biltzen dituzte.

Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko foru-diputatuak, Carlos Ibarluceak; eta Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, gaur bisitatu dute eremua ikastetxera iristen den errepidearen alboan egindako proiektuaren emaitzak bertatik ezagutzeko. “Horren helburua da bide horren erabiltzaileen segurtasuna eta, batez ere, egunero ikastetxera joaten diren gurasoen, ikasleen eta irakasleen segurtasuna indartzea”, azpimarratu dute. Urtaranen hitzetan, “ikastetxe horretako ingurunea txirrindularientzat eta oinezkoentzat hobetzea bizilagunek, ikasleek eta gurasoek aspalditik egin izan duten erreklamazioa da. Oraingoan, Udalaren eta Aldundiaren arteko erakundearteko lankidetzari esker, erantzun egokia eman diogu horri. Gainera, esku-hartze hori Malizhaezan eta Lasarteko Atean azken urteotan egindako beste batzuei gehitu behar zaie eta garatzen ari garen ikastetxe-ingurune seguruen estrategiaren baitan kokatuta dago”.

A-4132 errepideko 300 metrotan Olabide ikastolarako sarbidea hobetzeko lan hauek egin dituzte: galtzada sei metrora zabaldu dute, eta metro erdiko bazterbideak eta bi espaloi eraiki dituzte. Iparraldeko espaloiak 6,5 metroko zabalera du, 2,5 metroko bidegorria barne; eta hegoaldeko espaloiak, aldiz, zabalera aldakorra du: 9 metro Olabideko sarreraraino (bidegorria barne), eta 14 metro errepidearen mugaren eta ikastolako instalazioen itxituraren artean.