Puntueus Fundazioak egiten duen urteko zibersegurtasun txostenak 2022an 2021ean baino % 90 zibereraso gutxiago detektatu ditu; guztira, 29 kasu atzeman ziren iaz, eta 359, berriz, 2021ean.

Erabiltzaileen segurtasun digitala bermatzea da Puntueusen zeregin garrantzitsuenetako bat. Horretarako, fundazioak "etengabe" gainbegiratzen ditu bere agintepean dauden .eus domeinuen webguneak. Webguneetako zaintza aktibo horri esker, erabilera desegokiak, arriskuak eta mehatxuak aurreikusten dira, eta 2022an horrelako egoerak detektatu zituzten erregistratuta zeuden domeinuen % 0,20an, fundaziotik azaldu dutenez.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Domeinuen segurtasunaren etengabeko monitorizazioan edo analisian, bi arrisku mota antzeman daitezke: domeinu gaiztoak eta domeinu konprometituak. Azken horiek legez erregistratutako domeinuak dira, baina hirugarren batek eragindako abusuaren zantzuak erakusten dituzte. Kasu horietan domeinua identifikatzen da eta domeinuaren jabeari erregistratutako erasoaren berri ematen zaio, bertatik azaldu dutenez, indarrean duten protokoloaren gainean.

Hori egin eta gero, ondoren, laguntza teknikoa eskaintzen da arazoa bideratzeko, kasu gehienetan "webguneko arduradunak ez baitira erasoaren jakitun". 2022an 19 domeinu konprometitu izan dira, hau da, aztertutako domeinuen % 65.

Bestalde, domeinu 'gaiztoak' asmo txarrez sortutako webguneak izaten dira, hau da, jardunbide txarren susmagarri diren domeinuak. Aztertutako eta argitaratutako azken zibersegurtasun-txostenak dio 2022an 4 domeinu gaizto detektatu direla.