- Hezkuntza Eskubideen Behatokiak 1.199 kexa jaso zituen 2021ean, gehienak administrazioari eta zerbitzu publikoei loturikoak, 861 orotara, eta gainontzekoak, 338, eremu sozioekonomikoarekin erlazionatutakoak izan ziren.
Urtero lez, Hizkuntza Eskubideen egoerari buruzko txostena aurkeztu zuen atzo Behatokiak Gasteizen. Erakundeko zuzendari Agurne Gaubekak azpimarratu zuenez, “20 urte hauetan eremu batzuetan hizkuntza eskubideen alorrak izan duen antzeko argazkia azpimarratu nahiko genuke. Ez hori bakarrik, urte hauetan emandako pausoak edo egindako lorpenak arriskuan izan daitezke aurrerantzean”.
Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak bere aldetik, urte hauetako neurriek “erritmo mantsoegia” izan dutela azpimarratu zuen eta eremu batzuetan 2021ean ere “atzerapausoak” ikusi zirela. Izan ere, 1.320 intzidentzia jaso zituen Behatokiak joan den urtean, “2020ko pandemia urtean baino %15 gehiago”.
Hala, jaso zirenintzidentzia guztietatik, 1.199 kexak izan ziren, 73 zoriontzeak, eta gainerakoak kontsulta edo iradokizunak. Horietatik, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko administrazioak izan dira kexa gehien jaso dituzten erakundeak.
Horrexegatik, hizkuntza eskubideen arloan atzera egiteko arriskua nabarmendu zuten Behatokiko arduradunek atzo. Horrenbestez, txostenean arlokako azterketa egiten den arren, alor zehatz bat azpimarratu zuten: “Zerbitzu publikoak, eta hauetan herritarren hizkuntza eskubideak uneoro eta berdintasunean bermatzeko neurrien beharra”.
Horrenbestez, Behatokiko zuzendariak xede hori lortzeko hizkuntza eskubideen alde aktiboa eta pasiboa landu beharra aipatu zuen, hau da, “herritarrek ezin dutela euskara erabili, zerbitzua eskaintzen duenak hori ahalbidetzen ez badu”.
Eta xede hori lortzeko hain zuzen ere, “araudi egokia eta bestelako lan tresnak sortzeaz gaindi, lanpostu publiko guztiak zerbitzuak euskaraz eskaintzeko prestatuak egon behar dira: euskarazko arreta, informazioa, baliabideak, euskaraz ere lan egiteko gaituak ” egon behar direla gaineratu zuen Gaubekak.
Horrek guztiak hizkuntza eskubideen “erpin ezberdinak” kaltetzen dituela ziurtatu zuen. Batetik, zerbitzu publikoak herritarren eskubideen bermean erreferentzia izan behar dira arlo sozioekonomikoaren euskalduntzerako, baina, zuzendariaren aburuz, “tamalez, lurralde eremu edo alor ezberdinetan administrazio publikoak berak irizpide lausoagoak izateak, eremu sozioekonomikoan ere antzeko irizpideak erreproduzitzea eragiten du”.
Bestetik, txostenaren ondorioek azpimarra jartzen dute zerbitzu publikoetan hartutako erabakiek herritarren hizkuntza ohituretan eragina dutela. Izan ere, “zerbitzu publiko batzuk erdaraz jasotzera ohitu baitira herritarrak eta beste zenbaitetan euskara erabiltzeagatik albo kalteak pairatzeak, herritarrak etsipenera eta bigarren mailako herritar sentitzera eramaten baititu”.
Gauzak horrela, Paul Bilbao Behatokiaren lehendakariaren iritziz, “Behatokiaren txostenak argi uzten duen bezala, administrazioaren euskalduntzeak lotura zuzena du herritarren eskubideen bermearekin”. Ondorioz, “gizarte berdinzalea, justua eta kohesionatua eraikiko badugu, nahitaezkoa izango da herritar guztiei eskubide berdinak bermatzea. Jauzia egin dadila, beraz, administrazioaren euskalduntzean, herritarron berdintasuna helburu”.
Hutsuneak aztertu. Hurrengo urteak “erabakiorrak” izango direla iritzita, Behatokiak deia luzatu zien Euskal Herriko administrazio publikoei, “lehentasunez herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko egun dituzten hutsuneak aztertu eta neurri eraginkorragoak martxan jar ditzaten”. Halaber, eremu sozioekonomikoa euskaldundu eta herritarren oinarrizkoeskubideak borondatetasunetik harago har daitezen eskatu zuen atzo: “Lege babes eta neurriak mahai gaineratzea administrazio publikoek bultzatu beharreko zerbait ere bada, baita erakunde eta enpresa pribatuek beren bezero eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei aitortza egitea”.