- Euskal Herriko Unibertsitateak elikagaien etiketak ulertzeko gida praktikoa argitaratu berri du. Gidaliburu honen helburua herritarrei erosten dituzten elikagaiei buruz irakastea da, eta, horrela, bizitza osasuntsuena bultzatzea. Izan ere, ez da herritarren artean bizitza osasuntsuaren garrantzia bultzatzen duen lehen aldia.
Duela urtebete inguru, UPV/EHUk elikadura osasungarrirako gidaliburu berri bat argitaratu zuen, Elikadura eta Gizentasuna ikerketa taldearen eskutik. "Guztiok dakigu, orokorrean, nola jan behar dugun; denok dakigu elikagai fresko gehiago sartu behar ditugula gure dietan -hala nola fruta, barazki edo lekale-, baita jaki ultraprozesatu gutxiago kontsumitu behar ditugula ere, azukre eta gantz ase gehiegi baitituzte. Alabaina, badirudi teoria aplikatzea ez dela hain erraza, besteak beste, elikadura aspergarri edo gatzgabetzat jo dezakegulako", adierazi zuten aurkeztuterakoan. Testuinguru horretan, gidaliburu horren jomuga ideia hori aldatzen saiatzea da eta, horrez gain, "osasungarri jatea pentsatzen duguna baino askotariko eta errazagoa dela frogatzea". Horretarako, asteko menu eta snack osasungarrietarako proposamenak biltzen dira, ideiak emateko, elikadura "egoki, askotariko eta orekatuagoa" izatea errazteko, eta plater eta jakietarako proposamen berriak ezagutzera emateko. Halaber, gidaliburuak mantenugaiei eta elikagai motei buruzko oinarrizko nozio batzuk eta helduen elikadurari buruzko gomendio orokor batzuk ere ematen ditu. Elikadura osasungarriari buruzko gidaliburu berri horren izenburua ¡Comer sano no es difícil€ ni aburrido! da. Liburuaren egileak Itziar Eseberri Barace, Jenifer Trepiana Arin, Anastasia Parfenova, Natalia Romo Miguel, Andrea Mosqueda Solis, Maria del Puy Portillo Baquedano eta Leixuri Aguirre dira.