- Hizkuntza da edozein gizateren erreferente kulturaletako bat eta euskal gizarteak arlo horretan oinarri sendoa duela jakina den arren, Gipuzkoako Probin-tziako Artxibo Historikoan (Oñati) egin berri duten aurkikuntzak baieztapen hori are gehiago nabarmentzen du. XVI. mendearen hasieran idatzitako maitasun poema zahar bat topatu dute bertan, euskara arkaikoan landuta dagoena.
Eskuizkribuak gipuzkeraren ezaugarri batzuk ditu eta idatzitako zaharrena ez bada ere, idatzita kontserbatu den euskarazko olerkirik zaharrena da, 1508 eta 1521 urteen artean idatzitakoa. Aurkikuntzak garrantzi handia du, gutxi baitira XVI. mende hasierako euskarazko testuak. Gaur egun arte iritsi diren ia guztiak mikrotestuak dira, esaldi solte batzuk edo kopla txiki itsurakoak.
Aurkikuntzak lotura estua du Azkoitiarekin, izan ere, bertako notario-protokolo batean aurkitu baitute. "Azkoitiko notario-protokolo batean aurkitutako poemak eta eskriturak zirriborroak ziren arren, ustekabean aurkitu ahal izan dituzte. Zorte handia izan dugu, ez baitziren sortu kontserbatu behar zen dokumentu batean", azaldu zuen atzo Harkaitz Millan Kultura diputatuak dokumentua aurkezteko prentsaurrekoan.
Halabeharrak eragin zuen dokumentua testamentu eskrituraren koaderno batean estalki gabe lotuta erabiltzea, eta horrela gaur egunera arte iristea. Azkoitiko Ondare zinegotzia den Juan Bautista Mendizabalek jakin ahal izan duenaren arabera, olerkiak agertu diren dokumentua Miguel Ibañez de Insausti jakitun azkoitiarrari dagokio. Bere garaian, herriko alkate ere izan zen Ibañez de Insausti.
Artxiboan egiten ari den ikerketa lan baten harira, Rosa Ayerbe doktoreak testuaren presentzia jakinarazi zion artxibo zerbitzuari. Notario-formulario motako idazki baten inguruan euskaraz idatzitako hitz batzuk zeudela jabetu zen Ayerbe.
Artxiboko langileen lanari esker, eta Iago Irijoa doktorearen lagun-tzarekin (artxiboaren erabiltzailea eta Gipuzkoako historiaren garai hura ezagutzen duen aditua), irakurtzen oso zaila den testu honen lehen transkripzioa egin ahal izan da.
Bestalde, Ander Ros filologoari, artxiboen ohiko erabiltzaile eta an-tzinako notario-dokumentuen aditu denari, eskatutako laguntzari esker, testuaren garrantziari buruzko lehen balorazioa eta uler-tzeko zailak diren zati batzuen lehen interpretazioa gauzatzeko aukera egon da.
"Idazteko moduari dagokionez, notario eskritura batek uzten zituen hutsuneak aprobetxatuz, testu horren inguruan idatzi zen olerkia. Gainera, antzinatasunak ere eragiten du irakurtzeko zailtasuna handia izatea. Hori dela eta, ez da harritzekoa testu hori orain arte identifikatu ez izana", adierazi zuen Millanek. Hala ere, nabarmentzekoa da urteetan zehar testua digitalizatuta eta Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoaren webgunean ikusgai egon dela.
"Hasiera batean, dokumentua lehenengo aldiz ikusi genuenean, frustrazio moduko bat sentitu genuen gauza asko ezin zirelako irakurri", azpimarratu zuen Ander Ros irakasleak aurkezpenean.
Hori horrela izanik, lana "patxadaz" hartu eta elkarlanari esker, pixkanaka aurrera egitea lortu zuten. "Azkenean hiruzpalau hitz geratu zaizkigu ezin irakurrita, baina gehiena irakurtzea lortu dugu behintzat", esan zuen Rosek.
Dokumentuak arazo asko aurkezten ditu behar bezala irakurri ahal izateko. "Ertz batean papera falta da apurtuta dagoelako, tinta asko ezabatuta dago eta hitz batzuk gaztelaniazko testuaren gainean gainjarriak daude. Bestalde, zenbait lekutan tinta korrituta dago eta zenbait zatitan ez da erraz irakur-tzen", gaineratu zuen. Horrez gain, idazmoldea gotiko etzana da eta s, z, r, g eta n kontsonanteak ez dira beti behar bezain ondo bereizten. "Askotan ez dakigu bata ala bestea irakurri behar den", deitoratu zuen filologoak.
Zailtasunak zailtasun, gehiena arazorik gabe irakurtzen eta uler-tzen da; baina arazoak aipatuta, testu hau deszifratzeko izan dituztenak nabarmentzeko tarte bat ere aprobetxatu zuen Rosek. "Printzipioz bi poema dira. Hasieran uste izan genuen gutun bat zela, ez baitu olerki egiturarik. Poema bat da, eta gero beste baten lehenengo lerroa ageri da. Hori idatzi ondoren damutu egin zitzaion eta zirriborratu egin zuen, bigarren batekin hasteko", azaldu zuen. "Ondo ikusten da honen aurretik bazegoela euskarazko poemak egiteko ohitura Euskal Herrian eta hau ez zela hutsetik abiatu", nabarmendu zuen.
Markel Olano diputatu nagusiak "altxor" bat topatu dutela esan zuen: "Euskal literaturarentzat oso sinbolikoa eta oso polita da lehenengo idatzizko euskal poema aurkitzea". XVI. mendeko altxorra hurrengo bi asteetan zehar Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko sarreran egongo da ikusgai.
Çaldiac baduezi leyara. Niri juan çatan neure amorea, leena ezquero, on daducat neure vioçean barruna.
Goyçean goyçic jaqui ninçan, astean egun batean astean egun batean, da asteleen goyçean.
Neure laztan "velaga", jarri çequidan aurrean
Neurc nay eneban vian, "çaoncaur" aldean
Colpe andiaç jo nenguian, vioç onen erdian.
Elizara nijoean, colpea ar neçanean
Velauric jarri ninçan, alderean aurrean
Neure vecatuas confesatu eguin baninç bequela,
Penetençia eman çidan, vide nevan bequela
Vitarteco ema[€] ni[€]gon€
Ene laztan gozo ederra
penaz penaçen naçu.
Orreyn culez ninduçula
Nola amora nençaçun
ori escuan ezpata?
Çeure escuoz naraçu
andicoz eta ebeticoz
Barcaçio diqueçut ezcutaria, usatu eztet arma guiza erayten lecobidi guiçon gaztea
Amore minez penaçen
olloa lumaz estari
ni amorez yçerdi
ene barco negarretan
"Euskal literaturarentzat oso sinbolikoa da lehenengo idatzizko euskal poema aurkitzea"
Gipuzkoako diputatu nagusia
"Zorte handia izan dugu, poemak ez baitziren sortu kontserbatu behar zen dokumentu batean"
Kultura diputatua
"Hasieran uste izan genuen gutun bat zela, dokumentuak ez baitu olerki egiturarik"
Filologoa eta testuaren interpretatzailea