- Gipuzkoako Ikastolek hartu zuten atzo 2021ko Kilometroak-en lekukoa, “arduraz eta eran-tzukizunez”, Gipuzkoako Ikastolek “baldintzei egokitutako Kilometroak” egiten jarraituko dutelako. Aste osoan zehar Zubimusu Ikastolak Korri, Punpa, Ttak lelopean antolatutako egitarauari amaiera emateko ekitaldi instituzionala egin zen Zizurkilgo Joxe Arregi plazan eta ondoren, ikastolako komunitateari zuzendutako hitzaldia izan zen. Amasa-Villabonako alkate Beatriz Unzue eta Zizurkilgo alkate Iker Urruzolaren batera izan ziren ekitaldian Mikel Ugarte, Zubimusu Ikastolako lehendakaria; Nekane Artolak, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakaria; eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia. Azken honek ikastolek jokatzen duten “zubi” papera azpimarratu zuen: “Halako zubiei esker eraikitzen dugu Euskal Herria, euskal komunitatea. Gaur egun bizi dugun garai zailetan, ziur nago herri edo komunitate izaera horrek ere lagunduko digula aurrera ateratzen”, adierazi zuen.

Mikel Ugartek, aldiz, ikastolen “komunitate izaera” aldarrikatu zuen. “Gaur egun ere, ikastolek aurrera jarrai dezaten, oraindik irakasleen eta gurasoen inplikazioa ezinbestekoa da” eta, aldi berean, hezkun-tzari behar duen garrantzia emateko eskatu zien instituzioei: “Baloreak transmititzeko eta elkar aberasteko parte izan beharko genuke. Auzolanerako prest egon beharko genuke. Baina, arlo ekonomikoko hutsuneak betetzea al da ikastola komunitatearen betebeharra? Obrak ordaintzea? Ditxosozko covid-19ak gauza asko azaleratu ditu, eta horien artean baliabide eskasia”. Kilometroak jaiaren eredu berriari dagokionez, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakariak onartu zuen aurten ezin izan dela behar bezala garatu beren asmoa, baina itxaropentsu agertu zen. “Garbi dugu Gipuzkoako Ikastolok egindako hausnarketatik ateratako ondorioak inoiz baino ageriago gelditu direla azken hilabeteotan”, amaitu zuen.