Corresponsal
- Covid-19 gaixotasunarengatik egin beharreko itxialdia denbora erdira murriztea erabaki du Frantziako gobernuak, zazpi egunera hain zuzen, zientzia batzordeak aholkatu zion bezala. Atzo Parisen ospatu zen defentsa kontseiluaren ondotik, Jean Castex lehen ministroak adierazi zuen egoera gero eta larriagoa dela, baina, oraingoz itxialdi osorik ez dute berriz aginduko. Probak egiteko lehentasuna emanen diete osasun arloko profesionalei eta bi mila lagun gehiago kontratatuko dituzte gizarte segurantzak gaixoak eta haiekin harremanetan egon diren lagunak hurbilagotik zaindu ditzan. Frantziako estatuko 42 lurraldetan alerta piztu du Parisek, horien artean, Ipar Euskal Herria eta Biarnoa biltzen dituen Pirineo Atlantikoetako departamenduan.
"Egoera gero eta kezkagarriagoa da. Oro har, herritarrek maskara janzten dute behar den tokietan baina birusa gure artean dabil gero eta gehiago" dio Hervé Jonathan Frantziako gobernuak Baionan duen ordezkariak. "Gaur egun, gero eta gaixo gehiago dauzkagu: 57,2 hain zuzen 100.000 biztanleko. Zazpi lagun artatzen dituzte departamenduko ospitaletan, horien artean bat Baionako suspertze zerbitzuan". Izurritea hasi zenetik 28 lagun zendu dira Pirineo Atlantikoetan, horien artean 13 Baionako ospitalean. Jonathanek Miarritze eta Baionako hiru taberna itxiarazi ditu osasun krisian indarrean dauden neurriak ez dituztelako errespetatu.
Oporren ondotik eta eskola itzulerarekin batera gaixo gehiago agertuko dela erran du Olivier Véran Frantziako Osasun ministroak. Larraineko eskola eta Baionan Xaho haurtzaindegiaren ondotik, Biriatuko ikastola eta Larresoroko San Martin eskola pribatua hetsi dituzte zenbait ikaslek eta langilek positibo eman dute eta aste honetan. Basusarri eta Hendaian gutxienez bi ikasgelaren ateak hetsi behar izan dituzte ere. Bestalde, kutsatu direnen zerrendan dago, adibidez, Christian Prudhomme Frantziako itzuliaren zuzendaria. Jean Jacques Lasserre Pirineo Atlantikoetako departamenduko kontseiluko presidenteari proba eginen diote ere joan den asteburuan Prudhommen kotxean egon baitzen Pirineotako etapa osoan. Agintariak kezkatuak dira Bordelen gero eta gaixo gehiago agertzen baita. Oloruen, Biarnoan, zahar etxe bateko 24 egoiliar eta bi langile kutsatu dira ere.