Hizpide nagusia bihurtu zaigu azken asteotan Covid-19 gaixotasuna, eta pandemia horrek denon bizitzetan dagoeneko izan duen eta izango duen eragina ere ez da nolanahikoa. Horren harira, hitz ugari ikasi behar izan ditugu gehienok, albisteetatik nahiz osasun-arduradunen esanetatik, eta ohikoenak jasotzeko saioa egin du Euskaltzaindiak UZEIrekin batera prestatu duen lexiko berrian.
Lexikoan oinarritzat hartu dira Euskaltzaindiaren hiztegi arauemailea (Euskaltzaindiaren Hiztegia) eta Euskalterm terminologia-banku publikoa, beste iturri batzuen artean. Horiekin batera, euskarazko komunikabideetan (orokor nahiz eta espezializatuetan) pandemia honi buruz hitz egiterakoan nagusi den erabilera ere kontuan hartu da. Koronabirusaren oinarrizko lexikoa, halere, gaiarekiko lehen hurbilpen-saioa baino ez da, eta, beraz, ez da prestatu exhaustiboa izateko helburuarekin.
Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak UZEI Euskaltzaindiaren erakunde atxikia izatea erabaki zuen iaz, eta bi erakundeon arteko lankidetzaren emaitza da ostegunean plazaratu den lexikoa.