Síguenos en redes sociales:

Bi langileen gorpuak aurkitzeko lanak ez du etenik Zaldibarren

zaldibar - Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen gorpuak aurkitu arte Eusko Jaurlaritzak bilaketa ez dela etengo berretsi duen horretan, astebururako aurreikusten diren urratsak aurreratu zituen atzo, Ermuko Izarra eraikinean egindako bileran. Gauzak horrela, B1.3 eremurako sarbide segurua aurreratuta dagoela aprobetxatuz, bi langileen bilaketa mugatutako espazio bat arakatu eta bahetzeko lanei ekiteko aukera izango dute. Zeregin horiek, otsailaren 6ko luiziaren ondorioz zabortegian sortutako bi hegalak banatzen dituen muinora sartzeko pista aurreikusi baino lehenago amaitu zelako aurreratu dira. Halaber, B1.3 eremura sartzeko pistak, hurrengo asteetan Eitzaga auzotik obretako kamioien joan-etorria murrizten joateko erabiliko dira.

B4 eremuari dagokionez, miaketa eta baheketa lanek bere horretan jarraituko dute asteburu honetan. Artikulu honetan erantsitako taulan ikus daitekeen moduan, beste inondik baino material gehiago atera da bertatik, 10.600 tona orotara, guztizkoaren %79,6. Asteburuan, bi ekipo egongo dira bertan gorpuen bilaketarako. Horietako batek bilaketa arrastelua izango du, hiru ardatzetako bi dumper, volvo bat eta atzerako hondeamakina bat. Gainontzeko materialari dagokionez, hurrengo hierarkia dago: 2112,5 tona kanporatu eta bahetu dira B2 eremutik, 425 B1etik eta 187,5 B2/B3tik.

Hartara, B2 zonaldean, talde bat egongo da bilaketa lanetan eta lixibiatuen kutxatila estalgabetzen. Amaitutakoan, B2/B3 eremua garbitzeko intentzioa dute.

Dioxina eta furano mailen azken analisiek normaltasuna egiaztatu dute zabortegiaren inguruneko airearen kalitatean. Emaitzak otsailaren 22tik 26ra bitartekoak dira.

Zabortegian sutea itzaltzeko lanak hasi zirenetik, emaitzek jadanik beheranzko joera erakutsi zuten Osasun Sailaren arabera. Izan ere, sua itzali ostean, dioxina eta furano mailak nabarmen murriztu ziren; azken datuetan berretsi denez, murrizketa hori finkatuta dago.