Donostia - Datorren abendutik aurrera, bularreko areolaren eta titiburuen mikropigmentazioa Osakide-tzaren prestazioen zerrendan jasoko da; beraz, mastektomizatutako emakumeek bularra berritzeko prozesua euskal osasun publikoan osatu ahalko dute.
Hala iragarri zuen Iñigo Urkulluk atzo, Donostian izan zen ekitaldian; hartan, Nekane Murga Osasun sailburuak ere parte hartu zuen. Lehendakariak nabarmendu zuen mikropigmentazioaren prozesuak mastektomizatutako emakumeentzat nolako garrantzi fisikoa, psikologikoa eta animikoa duen; izan ere, paziente izatetik biziraule izaterako trantsizioa markatzen du sinbolikoki. Euskadin, 1.500 emakume ingururi diagnostikatzen diete bularreko minbizia; haietatik, %20k eta 30ek bitartean mastektomia egin behar du. Horrek esan nahi du 300 emakume inguruk balia dezaketela, urtero, Euskal Osasun Zerbitzu Publikoaren prestazio hori. Hura zerbitzuen zerrendan sartzeko, aurreko hilabeteetan teknika hori aplikatuko duten Erizaintzako profesionalek prestakuntza berezia egin behar izan dute.
Urkullu lehendakariak neurri hori euskal osasunaren ekintzaren oinarri den arreta onkologikoaren humanizazio-printzipioan sartu zuen, zeina 2018-2023rako Euskadiko Plan Onkologikoan gauzatzen baita. Haren helburua da minbiziaren aurreko biziraupena eta hura jasaten duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea. “Betiere -esan zuen-, profesional onenen eta euskal osasun-sare publikoan puntako teknologia etengabe sartzeko lanari esker”.
Hori horrela, bularreko minbiziaren kasuan gogorarazi zuen Detekzio Goiztiarrerako Euskal Programak berdintasun-baldintzetan lagundu duela heriotza-tasa nabarmen murrizten eta eraginpean dauden emakumeen bizi-kalitatea hobetzen. Zehazki, 1995ean programa abian jarri zenetik aurtengo ekainera arte, Osakidetzan 2,6 milioi zitazio baino gehiago izan dira eta 2,1 milioi mamografia, eta, horrela, 9.916 minbizi detektatu dira. - DNA