Donostia - Kutsadura arazo da, noski; eta irtenbiderik onena sinpletasunetik etor liteke, naturatik. Euskadin aireko kutsatzaileak xurgatzen dituzten zuhaitz-espezieei buruzko azterketa bat egin berri du klima-aldaketaren ikerketarako euskal zentroak (BC3). Silvestre García de Jalón, Estatu Batuetan eta Ingalaterran lanean jardundako Madrilgo ingeniari agronomoa izan da ikertzaileetako bat, eta BC3ren Leioako egoitzatik hitz egin du gure egunkariarekin.

Euskadiko zuhaitzak zenbat poluzio ezabatzeko gai diren aztertu duzue.

-Bai. Nire background-a sistema naturalak edo nekazaritzakoak eredugarri bihurtzea da. Baina, kasu honetan, landareek aireko poluitzaileak murrizteko ahalmenean genuen interesa. Eredu matematiko bat garatu genuen, eta, eskualde mailan, zuhai-tzek aireko zenbat poluzio murrizten zuten aztertzen genuen. Eta azterketa Euskadin lekutzea erabaki genuen. Ikerketa honetan, Euskadin hainbat aire-poluitzaile nola murrizten diren aztertu dugu: sufre dioxidoa, material partikulatsua, nitrogeno dioxidoa, ozonoa, karbono monoxidoa eta abar.

Zuhaitz espezie guztiak ala baten bat zehazki?

-Eredu matematikoak zenbait aldagai meteorologiko ditu, eta ordu-mailan ezartzen dira: hala nola, tenperatura, presioa, prezipitazioa, eguzki-erradiazioa eta abar. Baita aurrez aipatutako kutsatzaileen kontzentrazio atmosferikoa ere. Hauez gain, satelite bidezko irudiei esker, zortzi egunean behin ekoizten diren landare-tza-datuak ere erabiltzen ditu. Guk hor ez dugu espezie bakoitzeko azterketarik egiten, satelitez iristen diren datuak erabili baizik. Ondoren, Euskadiko baso-inbentarioari esker espezie bakoitza non dagoen badakigunez, gutxi gorabehera, bakoitzak zer eragin duen zehaztu dezakegu.

Azterketan kontuan hartzen al duzue, esate baterako, espezieren baten monolaborantzak biodibertsitatean duen eragina?

-Beno, nik argitu nahi dut guk ez diegula espezieak sortzen dituzten beste ekosistemako zerbitzuei errepara-tzen. Ez diogu bioaniztasunari erreparatzen, poluitzaile atmosferiko gehiena non finkatzen den eta eremu horietan zer dagoen bakarrik beha-tzen dugu. Ez dugu esan nahi espezie batzuk besteak baino hobeagoak direnik, espezie horiek dituzten eremu horietan material poluitzaile gehiago dagoela baizik. Aldagai askok dute eragina eremu batzuetan material kutsakorra jauzteko beste batzuen aldean.

Ikerketa horren arabera, Kaliforniar jatorriko intsinis pinua omen da poluzio gehien xurgatzen duena. Zergatik?

-Emaitza hori bistakoa zen, Euskadin zuhaitzik ugariena baita, alde handiarekin. 115.000 hektareatik gora estaltzen ditu 2018ko azken inbentarioan. Ondoren, pagoa dator 50.000 hektarea ingururekin, erdia baino gutxiago. Beraz, zuhaitz jakin baten ale gehiago dagoen eremuan, kutsadura gutxiago murrizten du, noski. Bada bigarren arrazoi bat, izan ere, intsinis pinua konifero gehienak bezala, espezie iraunkorra baita. Alegia, hostoak urte osoan mantentzen ditu. Gainera, beste pinu batzuek baino hosto-azalera handiagoa izaten du, hiru azikula dituelako; Euskadiko gainerako pinuek, bi izaten dituzte. Gizartean harrera hobea izaten duten haritza edota pagoa bezalako espezie hostogalkor trinkoek berriz, ez dute hostorik izaten hilabete askotan. Jakina, hilabete horietan oso lan txikia egiten dute, pinuarekin alderatuta.

Azterketa honen emaitzak ikusita, zenbaterainoko garrantzia hartzen du pinu honek Euskadin?

-Oso garrantzitsua da berez, biomasa asko ugaritzen duelako, jarduera fotosintetikoa indartzen duelako eta azken finean, atmosferako poluzioa dezente murrizten ari delako. Eta ekosistemako beste zerbitzu batzuez ari garenean, adibidez, CO2ren bahitzea bezalako onurak ere badakartza. Argitu nahiko nuke honekin ez dugula esan nahi intsinis pinu beste zuhaitz batzuk baino hobeagoa denik, beste alor batzuetan desabantailak izan ditzakeelako. Jakina da, bertako zuhaitzak lehentasuna izan beharko lukeela, baina zerbitzu jakin honi dagokionean intsinis pinua nahikoa onuragarria da.

Pinuak kutsadura xurgatzen badu, eta gero zuhaitza mozten bada, zer gertatzen da xurgatutakoarekin?

-Hori guk modelizatu ez dugun zerbait da. Kutsadura hori nora joaten den ez dugu argi oraindik. Bakarrik dakigu zuhaitzak harrapatu egiten duela airean dagoenean eta kaltegarria izan daitekeela pertsonentzat, eta, ondorioz, onura dakar gizartearen-tzat.

Zure iritzi pertsonala: Positiboa al da Euskadin zuhaitz hau horren ugaria izatea eta espeziearen monolaborantza lantzea?

-Ez ba. Nire ustez, azken 50 urteotako Euskadiko basoen kudeaketa oso ona da. Erreferentzia bihurtu da, Espainian zuhaitz-estaldura handiena duen autonomia-erkidegoa baita. Eta Europako beste herrialde ba-tzuekin alderatuz gero ere, Euskadi buru izango litzateke. Zer gertatzen da? Ba oso ehuneko handia intsinis pinua dela. Halere, datuak aztertuz gero, Gipuzkoan, pinu horren azalera dezente jaitsi da. Jendea zalantzati dago. Atzera begiratuz gero, pinu hau 20 eta 40ko hamarkadetan landatu zenean, larre abandonatuak zeuden, eta zuhaitz-azalera askoz txikiagoa zen.

Zure ustez zer da hobea, pinu intsinis basoa ala naturala?

-Edonork berehala erantzungo dizu naturala beti dela hobea. Baina ez da zertan onenaren ikuspegitik soilik begiratu behar. Izan ere, intsinis pinuaren ustiapenak oso ugariak dira, esate baterako, ekonomikoki oso errentagarriak direlako. Gipuzkoan, adibidez, pinu hori lur-publikoaren %6,6an baino ez da landatu. Gainerakoa lur pribatuetan aldatu da. Baso-jabeak ahalik eta etekin ekonomikorik handiena atera nahi dio, eta, horregatik erabakitzen du pinu hori landa-tzea. Beste baso batzuetan gizartearen ongizate-errendimendua bilatzen da pagadiak landatzerakoan, adibidez. Beraz, ekoizle partikularraren kasuan intsinis pinua hobea da, soilik etekin ekonomikoa handitzea bila-tzen denean. Berriz, gizartearen ikuspegitik, baso publikoetan, hariztiak eta gainerakoak landatzea hobesten da.

Diotenez, zuhaitz bat garrantzitsuagoa omen da poluzioaren eremuan bertan kanpoaldean baino. Oraindik ere hiri-eremuetan askoz gehiago eraiki behar dela uste duzu?

-Horixe da eman nahi genuen mezua. Jakina, urruti dauden eremuetan ere, zuhaitzek beren funtzioa betetzen dute. Baina askotan ahaztu egiten zaigu gure inguruan ditugun zuhaitzek gure ongizaterako dakarten onura, hori ez dugu behar bezala baliozta-tzen.

Egia al da gaixotasun edo onddo bat intsinis pinua hiltzen ari dela, eta kendu egin beharko direla?

-Egia esan, ni ez naiz gai horietan aditua. Badakit azkenaldian arazoak izan dituztela zinta marroiarekin eta zinta gorriarekin. Nire ustez, ordezkapen ugari egiten ari dira, eta baita hainbat tratamendu-proba ere.

Eta kendu behar izanez gero, poluzioari asko eragingo lioke? Ba al dago denbora-tarte bat aldaketa horretan eragina izan dezakeena.

-Aukera zein den ikusi behar. Lursail barbanak izateko kentzen badira, bai, hondamena litzateke. Beste espezie batzuekin ordezkatzeko bada, berriz, erabakia ondo etorriko da. Ni bertako espezie autoktonoen aldekoa naiz, baina nahiago dut kanpoko bat (aloktonoa) landare-tzarik gabeko lursail baten aurrean. Beraz, aldaketa horrekin aldea nabarituko da, baina uste dut ez dela bakarrik erreparatu behar poluzioa murriztearen efektuan, baita basoek eskaintzen duten beste zerbitzu batzuetan ere.