Baiona - Euskaraldiaren garaian frantsesa, errepublikako hizkuntz ofizial bakarra, izan da nagusi Ipar Euskal Herriko merkataritza gune, enpresa edo erietxeetan. Euskarak ez du oraindik inolako lege babesik Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin. Dena den, Euskaraldiak aukera berriak sortu ditu euskaraz aritzeko Hendaiatik Barkoxeraino. Izan ere, 6.012 lagunek eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko, horien artean %28 belarriprest moduan. Sandrinen kasua da. Ezpeletar honek euskara ulertzen du baina ez du nahiko menperatzen erabiltzeko Baiona ttikian daukan tabernara doazen bezeroekin. “Nik ez dakit aski baina belarriprest txapari esker euskaldunek argi dute hemen ere euskaraz aritzen ahal direla”, dio irriz.
Gaur egun 300.000 lagun bizi dira Ipar Euskal Herrian eta laurdenak menperatzen du euskara. Lehen hezkuntzan umeen ia erdiak ikasten du murgiltze eredu edo sail elebidunetan. Battitta 30 urteko saratarra da. Dioenez euskaldunek ia egunero jasaten duten estres linguistikoa gaindi-tzeko aukera eskaini dio Euskaraldiak. “Egun batez Baionako supermerkatu bateko kutxan nengoen. Hemen ez da euskararik inoiz entzuten baina aurrean zegoen bezeroa euskaraz hasi zitzaion kutxan lan egiten zuen emakumeari eta berak euskaraz erantzun zion. Denak harritu ginen eta orain argi dugu bertan ere euskaraz lasai hitz egin dezakegula”, azaltzen du.
“Euskararen ekintzaile bihurtu gara denboraldi batez”, dio Bea Salaberrik. “Ni pribilegiatua naiz euskara erabiltzen baitut beti lantokian eta familian. Halere baikorra da ariketa kolektiboa egitea euskara gehiago erabiltzeko lantokitik eta etxetik kanpo askotan euskaldunzaharrek eta euskaldunberriek ez baitakite non hitz egin dezaketen”. Behin egoera probokatu eta, gero argiago dago non erabil liteken euskara Sallaberriren arabera. “Askotan ez dakigu nor dugun parean, bereziki Baionaldeko hiri handietan. Jende gehiena erdalduna da baina 15.000 euskaldun pasa daude eta euskaraz mintzatzeko aukera asko huts egiten dugu”.
Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoaren presidentearen hitzetan Euskaraldia lagungarria izan da ohiturak aldatzen laguntzeko maiz frantsesa erabiltzen baita. “Batzuetan ez dakizu parean duzuna euskaraduna dela, beraz balio du giro berria sor-tzea. Erakundeek dirua ekarri behar dugu baina herritarrek sorrarazi behar dute giroa. Gaur egun argi dago gogoa badela herri askotan lan taldeak sortu baitituzte”, dio.
Ipar Euskal Herriko 158 herrietatik 64tan ekimenak egin dituzte egunotan. “Euskaraldia aurkeztu genuenetik joan den martxoan Itsasun giroa piztu da, zinez”, dio Jenofa Berhocoirigoin Iparraldeko koordinatzaileak. “Jendea gogo handiz lotu da eta sei mila lagun elkartu dira herri ttiki zein hiri handietan”. Euskaraldiak hiztunak identifikazteko parada eman duela uste du Txominek. 25 urteko tabernariak argi du egunotan euskara gehiago erabili dela Baionaldean. Bertan gisa bereko ekimena egin zuten jadanik iaz. “Uste baino parte hartzaile gehiago bildu ziren orduan eta denek adierazi zuten segitu nahi zutela. Euskal hiztunen sare-tze beharra agertu zen ere”, Bea Salaberriren arabera.
“Hastapenean ez zen hainbertze jende biltzen Korrikan eta orain arrakasta handia du. Euskaraldiarekin ere uholde bera sortzen ari da”, Beñat Arrabiten hitzetan. Datorren udan Baionaldean barrena ibiltzen hasiko den trambus berria erdara hutsean aurkeztu dute duela gutxi. Zenbait euskaltzalek euren haserrea erakutsi dute euskara baztertua baita maiz bizi publikoan, elkargoaren esku dauden zerbitzuetan ere. “Gure trambusa euskaldunduko dugu, zalantzarik ez izan”, erantzun du Arrabitek, euskara sailaz arduratzen den elkargoaren presidente orde jeltzaleak. “Oraingoz frantsesez da baina lanean ari gara hori aldatzeko. Elkargoaren zerbitzu guztietan agertuko da euskara: uraren fakturetan, ahal diren gune gehienetan eta, nola ez, garraio publiko berrian ere”.