Etengabeko eraldaketa jasaten dute hizkuntzek, hori da bizirauteko era bakarra, gizartearekin batera, eboluzionatzen doan heinean haren “eskutik joatea”. Neologismoak eta forma anitz txertatzen dira etengabe, eta eguneroko bizitzara eramaten dira. Hori dela eta, euskarak izan duen eboluzioa eta gaur egun duen egoerari buruz hausnarketa egiteko, DNA Mertxe Mugika AEKko koordinatzaile nagusiarekin; Xabier Monasterio euskal idazle, itzultzaile eta Gabriel Arestiko kidearekin; Yerai Diaz ETBko kazetariarekin, eta Adolfo Arejita euskaltzainarekin bildu da. Hala defendatzen du Xabier Monasteriok: “Hizkuntzak moldatu ezean, desagertu egiten dira”. Gainera, ezinbesteko-tzat jotzen du hizkuntza guztietan dauden bi egoerak ezberdintzea. Alde batetik, sinkronia, hau da, une honetan gertatzen zaiona, eta beste alde batetik, diakronia: historian zehar gertatu zaiona. Izan ere, eboluzioari buruz hitz egiteko, ezinbestekoa da belaunaldiz-belaunaldi euskarak izan duen transmisioa eta erabilerari buruz hitz egitea.
Horregatik, Adolfo Arejita euskaltzainaren arabera, “belaunaldi bakoitzak bere iritzia eta pertzepzioa dauka eta pertzepzioa beti da: lehengoa hobea zen, lehengo euskara jatorragoa, hobea zen”. Hala ere, inoiz baino egoera ezinhobean dagoela adierazten du. Eraldaketa, eboluzioa, bilakaera... Izendatzeko era asko daude, baina argi dagoena, Mertxe Mugika AEKko koordinatzaile nagusiak adierazten duenez, euskararen egoeraren gainean ezingo genukeela hitz egin, eboluzio hori izan ez balitz. Positibo agertzen da, nahiz eta aldatzeko gauza asko dauden onartu, egindakoak ere aitortu behar dira.
Belaunaldiz belaunaldi
Diakroniari buruz hitz egitean, ezinbestekoa da begirada 400 urte atzera botatzea. Trentoko kontziliotik aurrera bermatu da euskararen transmisioa, Arejitak azaltzen duenez. Orduan, elizak erreformazaleen bidea harturik, euskara doktrinan txertatuz, fedea irakasteko martxan jarri zen. Gainera, euskara landua fedearen berme bezala ikusteak ere transmisioan asko lagundu zuen.
Ondorioz, lau mendeetan zehar hori izan da ildo nagusia maila publikoan. Hala ere, Monasteriok adierazten duenez, askotan euskal testu ugarirekin sortzen den arazoa behar besteko prestigioa ez zaiela ematen da. Izan ere iragan mendeetako literatura, “lau abadeetakoa da” pentsaera jasotzen da. Hala ere, idazleak horren zergatia ulertzea ezinbestekotzat jotzen du, abadeek zergatik egin zuten ulertzea ezinbestekoa dela hain zuzen ere. “Leizarragak itzulitako bibliak kristolako balioa dauka. Eta euskara horrek gaur eguneko euskaran eragin izugarria dauka”. Gainera, euskara estandarizatzeko lehenengo pausuak ematen hasi ziren, norentzat idazten zutenaren hausnarketa abiatuz.
Gaur eguneko ahulgune
Hizkuntza baten biziraupena berma-tzeko belaunaldien arteko transmisioak garrantzi izugarria dauka. Eta hori da hain zuzen ere Arejitak azken urteetan ahulgune nagusien bezala identifikatu duena. “Euskarak erabilera publikoan inoiz baino osasun hobea dauka. Hala are, transmisioaren eten izugarria dago, eskolak konpontzen ez duena”. Hori da euskaltzainaren aburuz kezkagarriena, izan ere, hizkuntzaren eboluzioa, hiztunen eboluzioa da. Eta hori da egoera kaxkarrenean ikusten duena. “Urbanizazio fenomenoa egon da euskararen gizarteratzean baina aldi berean transmisioaren ahultze handia, eta ez du konponbide errazik”, adierazten du. Transmisioaren kalitatea da makaldu dena, hiztunen hizkuntza kalitatea hain zuzen ere. Gero eta euskara gehiago entzuten da, baina Arejitak adierazten duenez, maila formalean asko irabazi du baina kale mailan berriz, “hizkuntzaren erabilera naturalean, ez dut uste horrenbesteko eboluzioa dagoenik. Hizkuntzaren estiloaz eta kalitateaz nago ni kezkatuta”.
Gizarteratzeko bidea
Eskolei transmisioaren ardura osoa utzi zaiela adieraztean ados agertzen dira lau hizlariak, zama handiegia dena, izan ere nahiz eta umeak bertan euskalduntzen diren, “handik ateratzean eten izugarria dago”. “Mikroklimak” ari dira ahultzen, edo Monasteriok deitzen dituen moduan, “arnasguneak”. Horregatik, eskolak inguruarekiko zubia egin behar du, Elizak egiten zuen lanaren lekukoa hartu. Modu horretan, komunikabideekin batera euskara formala eta gizartearen ingurunea biltzea lortuko dute. Hor dabil murgilduta Yerai Diaz hain zuen ere. Komunikabideak ezinbestekoak dira transmititze horretan, eta hori izan da azken urteetan egon den aurrerapausoetako bat. Arejitak definitzen duen “mirari txikia”, orain dela 30 urte ezinezkoa zen eta euskaraz zekien norbait elkarrizketatzea.
Mugika euskaltzainarekin ados azaltzen da, izan ere “eskolak egindakoa izugarria da eta euskara existi-tzen ez zen leku ugarietara heldu da, baina ez zen kontuan hartu hizkun-tzen biziberritzean inguruak ere kristolako garrantzia daukala; aisialdia alde batera utzi zen”. Horregatik, komunikabideek pisua dutela aitor-tzen du ere, eskolek bezala baina “haiek bakarrik ezin dute egin, egoera normalizatu gabean gaude oraindik. Hala ere, bide batzuk ari dira zabaltzen eta momentu klabean gaude, herri gogoa dago”, adierazten du.
“Gure historia irakurketarekin baino gehiago ikus-entzutezko medioekin dago lotura” euskaltzainaren arabera. Antzina, bozkaz esan eta buruz ikasteko idazten zela azaltzen du, gehienek ez zekitelako irakurtzen. Nahiz eta gaur egun egoera aldatu den, telebistan ere horrela egiten da lan. Nahiz eta hizkuntza jasoa erabili, ahoz esateko idazten dute. Euskaltzainak adierazten duenez, “lehen euskara bakarra doktrina zen, abadeak errepikatzen sistemarekin irakasten zuten, eredu landua ikasten zen. Dialektoa bai, baina eredu landua. Gaurko ikus-entzunezko tradiziotik gertuago dago”.
Hizkuntzarekin lotuta ere beste gauza bat planteatzen du Monasteriok: eskolek Parisetik eta Madriletik datozen kurrikulumak jarraitu behar dituzte, eta Cervantes eta Dumas irakatsi. Hala ere, Iparragirre eta Axular bazterrean geratzen dira sarri askotan. Garrantzitsua da, izan ere, “hizkuntzarekin kulturaren nozioa ere badago, eta gu kulturaren transmisioan amildegi batean murgilduta gaude”. Horregatik, Diazek autokritika egin, eta komunikabideek euskal agenda bat izan beharko luketeela adierazten du, hala “euskal ikuspuntu batekin gaiak jorratzeko”. “Mugatu egin gara administrazioa esparrura eta kale mailan badago inpresioa kulturari eta hezkuntzari soilik lotuta dagoen esparrua dela”, adierazten du Gabriel Arestiko kideak. Biziraupena da euskararen erronka nagusia, lau hizlariek azaltzen dutenez, “erronka ikaragarria”, inguruko hizkuntza indartsuen artean bizi bait da.
Inguruaren eragina
Beste hizkuntzekin elkarbizitza batean dabil euskara. Frantzesa, erdara eta globalizatuen dagoen ingelesaren erdian bizi da eta horren ondorioz ezin dira ekidin kalko edota erdarakadak esate baterako. Hala ere, “arbasoek lortu dutena, bizirautea, miraria da”, Monasteriok adierazten duenez.“Gurea bezalako hizkuntzek hiztunak galtzen dituzte. Guk berriz, irabazi egiten ditugu, izan ere gero eta euskaldun berri gehiago dauden gure hizkuntza aberasten dutenak. Garrantzitsua da haiek laguntzea eta egoerarekiko positibo agertzea”.
Horregatik, irekitasuna oso garran-tzitsua da inor ez punitzeko, izan ere hizlariek defendatzen dutenez, “ezin da inor zigortu”, euskara ez hain ona erabiltzeagatik. Arejitak azaltzen duenez: euskararik txarrena erdara da.
Horren harira, Monasteriok gaur eguneko egoerarekiko adibide bat jar-tzen du, bi ispilu ardatz: “kristal handia behar dugu automobilean goazenean: aurretik datorkizuna ikusteko, baina atzerako ispilua ere, nondik gatozen ikusteko, eta zer egin behar izan dugun konturatzeko. Bietatik begiratzen badugu konturatzen gara oso handia dela aurretik daukaguna, baina atzetik dakarguna ere”. Izan ere, “gure hizkuntza, gutxitu eta gutxietsia da, gu geu harrotz sentitzen gara gure lurraldean”, Monasterioren arabera. Hizlariek azpimarratzen dutenez, “gauza asko egin ditugu baina asko daude egiteko oraindik”.
Erabakien beharra
Etorkizunera begiratzeko ordua da orain. Horregatik, euskararen egoera normalizatu eta gizarteratzeko erabaki politikoen premia seinala-tzen dute hizlariek, batez ere euskaldun berrien gaitasuna paper baten gainean neurtzeari buruz hausnarketa egitearen beharra. Modu horretan, benetan euskaraz bizi diren helduak lortzeko eta ez tituludunak soilik. Mugikak azpimarratzen duenez,“bitarteko bat dena helburu ari gara bihurtzen”.
Erabileraren aroan, helduen euskalduntzea maila bat gainditu da. Hala ere, urtero milaka tituludun berri dauden arren, kalean, jendartean, islatu beharko litzateke, euskaraz bizi diren pertsonen kopurua handitzeko. Beste alde batetik, Mugikak azaltzen duen bezala, “euskarak azken hamarkadetan 300.000 hiztun irabazi ditu eta herena euskaltegiei esker izan dira”. Hala ere, “Euskal Herriko erdiek ez dakite euskaraz eta horretan ere indarra jarri behar da”.
Horregatik, erabaki politikoen beharra azpimarratzen dute, modu horretan orain dela 50 urte Euskal Herrian egon zen loraldia -euskara batuaren sorrera eta euskal komunikabidena- errepikatu ahal izateko. “Gaur egun beste loraldi baten egon ahal gara, baina erabakien esku dago hori. Nondik gatozen badakigu eta nora joan nahi dugun baita ere”. Horregatik, arlo ezberdinetan bizi diren lau profesionalek bakoitzak berean esfortsuak egiten jarraituko dute, hausnarketa egin eta euskaldun guztiek bezala Euskararen Nazioarteko Eguna eguneroko bizi-tzako ahulguneak identifikatu eta konponbideak aurkitzen saiatzeko, begirada beti etorkizunera bideratuz, baina honaino heltzeko egin diren hautuak ahaztu gabe.