Euskal Herriko zazpi lurraldeetako hamabost gazte euskaldun, alde batetik. Adingabekoak -hamabost eta hamazazpi urte bitartekoak- eta garaiera altuko mendietan eskarmenturik gabekoak. Bestetik, Felipe Uriarte, goi-mendi gidaria: maisu bat. 8.000 metrotako garaieran ere arnasa hartu eta mendian gora egiteko gai den gizasemea. “Buruz indartsua”, nahiz eta martxoan 74 urte beteko dituen. Ezagutzen dutenek argi diote: “Berak gidatutako espedizioek arrakastaren bermea dute”. Gazteen gogoa eta zaharraren eskarmentua. Biak uztarturik, mendizaletasunaren izenean euskararen alde oihu egiteko. Uriartek berak bultzatuta eta Mendiak eta Herriak mendi-gidari elkartearen laguntzaz, Oxigenoa Euskarari 6.000 metrotan ere izeneko ekimena aurrera eramango dute Nepaleko Himalaian: zerutik gertu.

Lurreko gailurra den Everest (8.848 metro) mendiaren inguruan trekking-a egingo dute datorren urria eta azaroan eta 6.187 metrotako mendi bat igoko dute. Ideia pasa den azaroan sortu zen.

Espedizioan euskaldunak eta sherpak, ezinbesteko laguntzaileak, izango dira. Bertako 10 sherpa gazte aukeratu dituzte jadanik. Euskara munduan zabaltzea dute helburu; baina baita munduko hizkuntza gutxitu guztiei babesa ematea, herrien arteko elkartasuna eta ikasleen autogestioa garatzea.

Felipe Uriartek dioenez, “espedizioaren arrakasta gailurrean baino, bidean dago”. Izan ere, oso garrantzitsua izango da Euskal Herriko gazte taldeak Himalaiaraino joan aurretik egin beharko duen lana”. Lan eskerga.

Euskal Herrian osatuko den taldeak elkarlanean jardungo du espedizioa prestatzen datozen hilabeteetan: laguntza ekonomikoa bilatzen, proiektua gizarteratzen, beharrezko materiala prestatzen, eta abar. Urtean zehar, herrialde bakoitzean topaketak antolatuko dituzte, lanen jarraipena egiteko eta espedizio taldea elkar ezagutzeko. Lehenengo bilera duela egun batzuk egin zuten Oñatin: Arantzazuko aterpetxean. Eta hurrengo egunean inguruko mendietan ibilalditxoa egin zuten. Zerutik gertu eramango dituen lehenengo pausuak izan ziren eratu berri den talde honentzat.

auspoa lantzen Gizakion gorpu-tzean eragin izugarria du 2.100 metrotatik gora egoteak. Zer esanik ez 6.000 metrotan. Oxigeno falta nabaria da. Berez, 5.500 metrotatik gora, garaiera extremoan gaudela onartzen dute medikuek. Zama ikaragarria da. Aire kopurua eskasagoa da garaiera horietan eta presioa (gure birikek oxigenoa hartzea eragiten duen indarra) txikitu egiten da. Edozein mugimendu egitea, beraz, zaildu egiten da. Horixe da gazteek gainditu beharko duten oztopo nagusia.

Gorputzak, hala ere, badu egoera zail horietara egokitzeko gaitasuna. 6.000 metro bitartera arte behintzat. Marra horretan mugituko dira gaztetxo hauek datorren udazkenean. Gailurrik handiena, ImjaTse mendia izango da (6.187 metro). Altuago, nekez hitz egin daiteke euskaraz edo beste edozein hizkuntzatan. Gazte euskaldunak autokudeaketaren bitartez espedizioaren arlo desberdinak jorratuko dituzte. Horien artean, finantzaketa, material pertsonala, argazkigintza eta bideo lanketa, espedizioaren irudia gizarteratzea eta komunikazioaren alorra. Lanak banatzeko azpitaldeak sortuko dituzte eta hauei laguntzeko, ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoz osatutako babes taldeak eratu dituzte.

euskara, nonahi Lan guzti hauek euskara ardatz harturik egingo dituzte. Izan ere, euskara izango da espedizioaren hizkuntza, antolatzaileek aditzera eman dutenez: “Gazteen arteko komunikazio guztiak euskaraz izango dira. Sherpa gazteekin komunikazio gehiena ingelesez izango bada ere, euskara eta sherpa hizkuntza ere baliatuko dituzte elkar komunikatzeko. Horretarako, gutxienez euskarazko 50 hitz eta sherpa hizkuntzako beste hainbeste erabiliko dituzte elkar ulertzeko.

Felipe Uriartek azaldu duenez, Himalaiako antolaketa dagoeneko lotuta dute. “Hotela, aterpeak, sherpa gidariak, garraiatzaileak eta ibilaldiak landuta daude; lana orain Euskal Herrian zentratuko dugu”.

Khumbu eskualdean egingo dute euskararen aldeko ibilbidea. Mendi zeharkaldia: Everest, Lhotse, Makalu eta Cho Oyu 8.000 metrotatik gorako gailurren inguruan. Imja, Khumbu, Gokyo eta Thame bailaretan. ImjaTse (6.187) eta LobujeRi (6.119) izango dira igoko dituzten bi mendi garaienak baina baita ere 5.000 metroko beste hainbat: ChukungRi (5.550), Kala Patar (5.545), GokyoRi (5.460), Kouma La (5.535), Tso La (5.420) eta Lenjo La (5.350).

Aldapan gora... hizkuntza gutxitu guztien aldeko euskal garrasia. Ez dago altuago esaterik.