BILBO. Adikzioak prebenitzeko politika publikoak aztertzeko jardunaldi bat inauguratzeko arduraduna izan da Urkullu. Bilbon egiten ari den jardunaldian Euskadiko eta Islandiako profesionalek eta adituek parte hartzen dute. Topaketaren helburu nagusia da adikzioen prebentzioari nola ekin elkarrekin hausnartzea eta eremu horretan sarean lan egiteko beharra aztertzea.

Horrela, besteak beste, Jón Sigfússon Islandiako Ikerketa eta Analisi Sozialerako Zentroko zuzendari eta Youth in Iceland programaren arduradunak nerabeetan substantzien kontsumoa prebenitzeko ereduaren ezaugarriak eta xehetasunak azalduko ditu.

Urkulluk jardunaldiaren irekiera ekitaldian esan duenez, "hobetzeko eta norabide horretan aurrera egiten jarraitzeko ikastea da legegintzaldi honetan gure gobernu ekintzaren ardatz nagusietako bat". "Unibertsaltasunaren, elkartasunaren, zuzentasunaren, kalitatearen eta herritarren parte hartzearen printzipioetatik abiatuta, pertsona bakoitzaren behar berezietara hobekien egokitzen den arreta emanez eta kolektibo nagusi gisa adingabeak eta gizartean ahulenak diren kolektiboak izanik", azaldu du.

Euskadik eremu horretan duen "ibilbide luzea" nabarmendu du Jaurlaritzako lehendakariak, eta ibilbide horretan, azken hiru hamarkadetan, eremu publikoan osasun eta gizarte arloetako eta arlo soziosanitarioetako zerbitzuak eta baliabideak finkatzen joan direla. "Eta horiek, irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeek eskaintzen dituztenekin batera, adikzioak dituzten pertsonentzako eta beren familientzako prebentzioko eta arretako sare indartsua eratzen dute", gaineratu du.

ADIKZIOEN LEGEA ETA PLANA

Gauzak horrela, Eusko Legebiltzarrak 2016an eta Adikzioen eta Drogamendekotasunen Arreta Integralerako Legea ia aho batez onetsi izana nabarmendu du, bai eta, pasa den uztailean, Adikzioen VII. Plana abian jarri izana ere,

Euskadin eremu horretan egiten diren estrategia eta esku hartze guztiak planifikatzeko, antolatzeko eta koordinatzeko tresna. Plan horren helburua da adikzioa eragiten duten substantzien kontsumoa eta jokabidezko adikzioak murriztea, bai eta horiek pertsonen osasunean dituzten ondorioak ere.

Era berean, gogoratu duenez, "Adingabeak eta Alkohola" programaren esparruan, azken urteotan, gazteen artean alkoholaren kontsumoa prebenitzeari buruzko erakunde ekintza areagotu da funtsezko zenbait eremutan, besteak beste, komunitate, hezkuntza, osasun, araudi eta sentsibilizazio inguruneetan.

Era berean, jardunaldiaren beste helburu bat da adikzioen prebentzioan lan egiten duten sare publikoko eta eremu pribatuko eragile eta erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatzeko eta fenomeno horrek dakartzan dimentsio eta beharrei erantzuteko foroa izatea.