BILBO. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, helburua da "teknologia berriak egokitzea botoiaren, medailaren edo linearen beste aldean dauden pertsonei ematen zaien laguntza hobetzeko".
Ekimena betiON zerbitzuaren digitalizazioaren aldeko apustuaren barruan dago. Hasieran telelaguntzako zentral berrirako aldaketa egin zen eta, orain, bizilekua digitalizatuko da. Horrela, programa pilotua urtea amaitu arte egingo da, eta teknologia horren erabilgarritasuna eta egokitzapena ebaluatuko ditu. Emaitzak zerbitzuarentzat eta, batik bat, erabiltzailearentzat positiboak badira, proiektua 2018ko lehen seihilekoan 100 unitatera iritsi arte hedatuko da.
Eusko Jaurlaritzaren betiON zerbitzu publikoa bakarrik bizi diren 75 urte baino gehiagoko adinekoei eta gizarte zerbitzuek aitortutako mendekotasun egoeran edo mendekotasunerako arrisku egoeran dauden 65 urtetik gorako adinekoei zuzenduta dago. Ezintasun intelektual, fisiko edo sentsorialen bat duten pertsonei eta edozein mailatan aitortutako mendekotasuna dutenei ere zuzenduta dago, bai eta buruko gaixotasun diagnostikatua duten eta mendekotasun egoera aitortua dutenei edo gizarte isolamenduko arriskuan daudenei ere.