Ezetz asmatu aurtengo otsailaren 7an zer ospatu den? Ez da San Fermin izan, hori, ongi dakizuenez, uztailan da. Ordenagailu eta mugikorrekin zerikusia duen zerbaitetaz ari gara. San Internet? Ia-ia. Otsailaren bigarren asteartea? Internet Seguruaren Eguna da mundu osoan! “Zeeeeeeer? Gure etxean, ordenagailu aurrean, ama ondoko gelan dugula, eta ez gaudela seguru?”. Ba, hala da.

Nafarroako Ikastoletan egun hori ospatu dugu modu desberdinetan: gurasoak eta ikasleak informatuz, hitzaldiak antolatuz edo bideoak ikusten esaterako. Erentzun Ikastolako 5.mailakook, zerbait berezia egin dugu, gai honen inguruan konpetentzietan oinarritutako proiektu berritzaile bat jorratu dugu eta honen inguruan pila-pila ikasi dugu. Beraz, duela hilabete baino adituagoak sentituz eta gure gaiarekiko jakituria hori guztioi zabaltzeko irrikaz hona hemen, gure aholkuak Internet eta mugikorrak modu seguruan erabiltzeko. Kontuan hartu ironia erabili dugula zenbaitetan:

-Zenbat aldiz amak esan digu etxetik irtetean ezezagunekin ez hitz egiteko? Eta ordenagailuaren edo mugikorraren bestaldean daudenak? Ezagunak ote? Egia diote? Instagrameko lagunak benetan lagunak al dira? ARRISKUA! Erabiltzen dituzun Sare Sozialetan ikas ezazu partekatzen duzuna ongi kudeatzen eta ez argitaratu dena publikoki.

-Gure informazio pertsonala gurea eta gurea bakarrik da, ezta? Eta ordenagailuan gure helbide, telefono zenbaki, adin, sexua? gure datu guztiak betetzen ditugu norbaitek gure kontra edo bere onerako erabil ditzake. ARRISKUA! Beraz, ez eman inori eta inon zure datu pertsonalik.

-Aulkian eseri eta pantailari begira, 5 min, ordu erdi, ordubete, 3 ordu? konturatu gabe badoa gure denbora, ihes egiten digula? Interneta gure denboraren lapurra dela! ARRISKUA! Ikas ezazu mozten eta zure buruari denbora mugak jar-tzen.

-Gu zein politak garen, zeinen ongi pasatzen dugun, zeinen bizi-tza miresgarria daramagun, munduari erakutsi nahi diogula? Igo, igo, gure argazkiak eta ez dira zureak bakarrik jada, edonork erabil ditzake, auskalo zertarako! ARRISKUA! Zerbait igo aurretik ezabatzea oso zaila dela kontuan hartu.

-Gauza ezezagunek erakartzen gaituztela? eta aplikazio hau zertarako ote da? Eta beste hau? Deskargak egiten ditugu eta? Birusak gure ordenagailu edo mugikorrera! ARRISKUA! Antibirus bat bai, burua ere bai.

-Tekla bakar bat sakatzearekin kotxe bat irabaziko duzula ziurta-tzen dizun iragarkia? Edo mugikor bat debalde eskuratuko duzula? Inork ez du horrelakorik ematen musu-truk. ARRISKUA! Klikatu aurretik, pentsatu!

Ea bada, amaitzeko, azken gogoeta batekin utzi nahi zaituztegu. Mundu digitalean, beste gauzetan bezala, arlo txar guztiak kenduz ezkero? geratzen dena ona da! Izan ere Internet munduarekin lo-tzen gaituen zilborrestea da. Honek erabilpen eta aplikazio baliogarri asko eta asko ditu eta horiek zuek, zuen kabuz, deskubritzeko uzten ditugu. Erabilpen egoki bat egitea zuen esku dago, baina ez ahaztu Erentzun Ikastolan sarritan errepikatzen dugun gure leloa?

Teklak eta pantailak erabiltzeko garaian, burua erabili!