Jaso Ikastola Erasmus+ en parte hartzen ari da Europako beste herrialdeetako 5 ikastetxeekin batera; Hungaria, Italia, Herbehereak, Polonia eta Turkia hurrenez hurren. Proiektuak bi ikasturteko iraupena du, 2016tik 2017ra, beraz, bigarren ikasturtea da honako hau.

Proiektuaren helburua da garatzea “Teknologia berrien erabileran atzerriko hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntza”. Hain zuzen ere, atzerriko hizkuntzen irakaskuntzarako eta irakaspenerako ikasleen eta irakasleen konpetentzia digitalak hobetu nahi ditu. Dena den, ez da helburu bakarra. Izan ere, helburu nagusiaz gain, parte hartzen dugunon kulturekiko tolerantzia eta ikuspegi positiboa garatzen ari gara.

Proiektua garatzeko, koordinazio eta lan talde gune eta dinamika desberdinak jorratzen ari gara. Batetik, koordinazio-bilerak eta formazioa eta bestetik, ikasle-taldeen trukeak.

Koordinazio Bilerak Herrialde bakoitzeko koordinatzaileak elkartu gara proiektuaren planifikazioa, jarraipena eta ebaluazioa egiteko. 2016an, Italian eta Polonian izan ginen proiektuaren nondik norakoa lotzen eta 2017an, proiektuaren itxierarekin bat eginez, Holandan elkartuko gara.

IRAKASLEEN KONPETENTZIA DIGITALAK GARATZEKO FORMAZIOA 2016an Hungariara joan ziren gure ingelerako hiru irakasle. Han, astebeteko formazioan, gerora jorratu beharreko hainbat aplikazio informatikoen ezagutza jaso zuten.

IKASLE-TALDEEN TRUKEAK Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak ari dira proiektuan parte har-tzen. Bai iazko ikasturtean bai aurtengoan ere 4. mailan dabiltzanak. Parte hartzen ari garen ikastetxe guztietara joan beharra daukagu. Hau da, iaz Holanda eta Italiako ikastetxeek artatu gintuzten eta aurten berriz, Poloniari eta guri, Jaso Ikastolari dagokigu, proiektuaren anfitrioiak izatea.

Beraz, abenduaren 12tik 17ra, Iruñean izango ditugu, Holanda, Italia, Polonia, Turkia eta Hungariako 30 ikasle eta 16 irakasle.

Ikasle-taldeen elkartruke bakoi-tzean, jasotzen duen ikastetxeak astebeteko programazioa osatu behar du. Programazio horrek jaso behar du teknologia berri baten edo batzuen konpetentzien lanketa eta horrela, ikasleek eta irakasleek programazio horretan zehaztutako eduki eta konpetentziak barneratuko dituzte. Dena ingeleraz, noski.

Egitasmo honen bidez, gure kultura eta hizkuntza ezagutarazteko eta erakusteko aukera ere izango dugu. Hori dela eta, klase-saioez gain, gure kulturarekin lotutako aisialdi eta kultur jarduerak antolatuko ditugu, Iruña bera ezagutzeko eta oro har, Nafarroa. Aisialdi eta kultur jarduera horien artean, besteak beste, honako hau lotu dugu: Abenduaren 12an, astelehenean Udaletxean harrera egingo digu Iruñeko Alkate Jaunak, Joseba Asironek eta udaletxea bixitatzeaz gain, arratsaldez Iruñetik barna ibiltzeko aukera ere izango dugu. Asteartean berriz, Ultzama eta Elizondoko parajeetara joango gara, Nafarroako Iparraldea ezagutzera eta asteazkenean, Bardeak eta Olite herria kontrastean. Nola ez, Nafarroako upategi batera joatez ez gara ahaztuko. Horrekin guztiarekin, uste dugu aste bete labur horretan Nafarroako kontrasteen aberastasunaz jabetzeko aukera izango dutela gure gonbidatuek.

Programa honek duen alderdi garrantzitsuenetako bat zera da; Jaso Ikastolako familien inplikazioa eta laguntza. Izan ere, atzerriko ikasleak gure ikastolako familiekin biziko dira aste horrek irauten duen bitartean. Ziur gaude, merezi duten bezala “jasoko” ditugula.

Ongi etorriak Iruñera!