BILBAO. Aurelio Mateo-Alonso Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) diharduen Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioko ikerketa irakasleak Europako Ikerketa Kontseiluaren Consolidator Grant delako beka jaso du, bi milioi euroko finantzaketaz, datozen bost urteetan grafeno-nanozintak ikertzeko e-Sequence proiektua gara dezan.
Ikerbasquek jakinarazi duenez, Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC, ingelesezko sigletan) ospe handiko proiektuak eta ikertzaileak finantzatzen ditu, arrisku handiko ikerketa berritzaileak gara ditzaten. Urtero milaka eskari jasotzen ditu, eta irizpide bakartzat bikaintasun zientifikoa duen nazioarteko ebaluazio baten ondoren, %10-15 inguruko arrakasta tasak izan ohi ditu. Europako Ikerketa Kontseiluak babestutako ekimenek ospe handia izan ohi dute nazioarteko komunitate zientifikoan.
Grafeno-nanozintak prestatzeko metodologia berri bat garatzea da e-Sequence proiektuaren helburu nagusia. Neurri nanometrikoko zerrenda itxurako egiturahauek grafeno-xaflak ebakiz lortzen dira, beste hainbat metodoren artean. e-Sequence proiektuaren eragina grafeno-nanozinten sintesitik harantzagokoa da, izan ere, nanoegitura hauek oso baliagarriak izan daitezke elektronikan, fotonikan eta energiaren konbertsioan eta biltegiratzean aplikatzeko moduko teknologia berriak garatzeko.
e-Sequence ikerketa proiektua EHUri atxikitako Polymat ikerketa zentroan garatuko da, BERC (Basque Excellence Research Centres) sarearen barruan. EHUn lanean diharduen Aurelio Mateo-Alonso Ikerbasqueko Ikerketa irakaslea da eta Polymateko Material Molekularren eta
Supramolekularren taldea zuzentzen du. Ikerketa arloan, ibilbide luze eta emankorra egin du: Kimika Organikoko lizentziaduna eta graduduna Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta Kimikako doktorea Londreseko Unibertsitateko Queen Mary College delakoan. Aurretiaz, doktore ondoko ikertzaile bezala lan egin du Triesteko Unibertsitatean (Italia) eta Friburgoko Unibertsitateko (Alemania) taldeko buru ere izan da.
Ikerketa arloan egin duen lanaren esker onez, hainbat sari jaso ditu, hala nola Triesteko Unibertsitateko Ikertzaile Gazteen Saria (2007), Friburgoko Unibertsitateko Eugen-Graetz Saria (2009), Espainiako Kimikako Errege Elkarteko Ikertzaile Gazteen Saria (2011) eta AEBetako Elektrokimika Elkarteko Nanokarburoen Ataleko Ikertzaile Gazteen Saria (2012).