BILBO. Urteko bigarren hiruhileko horretan dezente hazi da ezkontzen kopurua, batez ere maiatzean eta ekainean, aurreko hiruhilekoan ez bezala, neguko hiletan ezkontza gutxi izaten baita. Ezkontzen %81,5 zibilak izan dira, 2015eko aldi berean baino %1,5 puntu gehiago, baina lehen hiruhilekoaren azpitik (%91,4). Portzentaje hori ezkontza heterosexualena da, eta, ezkontza homosexual guztiak zibilak direnez, 2,8 puntu gehitu beharko lirateke.
Aurtengo bigarren hiruhileko 2.287 ezkontzetan, bizilekua EAEn duten 2.170 gizon eta 2.171 emakume ezkondu dira. 1.868 senarrentzat (%86,1) lehen ezkontza izan da, eta 13 alargun eta 289 dibortziatu berriro ezkondu dira. Emakumeen lehen ezkontzen ehunekoa gizonenaren antzekoa izan da: ezkongabeak, 1.864 (%85,9); alargunak, 10; dibortziatuak, 297.
Senarren %91,3k eta emazteen %83,1ek 30 urtetik gora zuten. Proportzio horiek 2015eko hiruhileko berekoak baino handiagoak dira (%89,9 eta %80,9, hurrenez hurren); berriz ere eutsi egin zaio gero eta nagusiago ezkontzeko joerari.
Herrialdeka, Gipuzkoan 707 ezkontza izan dira (-%1,5), Araban 306 (-%10,3) eta Bizkaian 1.091 (-%3,2). 118 bikotek bizilekua EAEtik kanpo kokatu dute. 2016ko apiril, maiatz eta ekaineko gizon ezkonberrien %6,2 eta emakumeen %10,2 atzerritarrak izan dira, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, 0,5 puntu gehiago gizonen artean eta 1,7 puntu gehiago emakumeen artean.