lesaka - Julen Palenzuela eta Jon Silveira Tantirumairu ikastolara etorri ziren. Lehenengoa, ikastolako ikasle ohia da eta bigarrena ikastolako gurasoa. Biak Holandako mundialean egon dira Beti Gazte sokatira taldearekin eta horretaz solastera etorri ziren guregana.

Noiz sortu zen Beti Gazteko sokatira taldea?

-1992an sortu zen Beti Gazteko sokatira taldea. 1992a baino lehen bazen jendea zaletasun hori zuena baina txapelketetan eta, serio, 1992an hasi ziren. Talde horrek 2007ra arte iraun zuen. Taldea ez zuen pertsona zehatz batek sortu, lagun talde bat elkartu zen eta talde horretako bi partaide daude orain: Paxkual Taberna, orain entrenatzaile eta tiralaria da. Bertzea, berriz, Karmelo Mitxelena da. Gu, 2011 urtean hasi ginen sokatiran.

Emakumezko talderik ba al dago?

-Orain bertan ez dago emakumezko talderik baina izan zen talde bat 2007tik 2011ra bitarte tiratzen aritu zena. Italiako mundial batean ere egon ziren.

Badakigu Holandako Munduko Txapelketan egondu zaretela. Nolako esperientzia izan zen?

-Ba esperientzia hagitz ona izan zen nahiz eta prestatzen eta entrenatzen sufritu. Gose pixkat bat ere pasa genuen. Behin han, harremana ere izan genuen bertze sokatira taldeetakoekin eta esperientzia ona izan genuen denok. Mundu guztiko tiralariak zeuden: Iparraldeko irletakoak (Irlanda, Eskozia, Inglaterra...), italiarrak, frantziarrak, Euskal Herria ere bertan zegoen. Hego Afrikakoak bereiziki onak ziren, baina txinatarrak ere onak ziren. Herrialde bakoi-tzak bere teknika du eta gure teknika presioa egin eta ahalik eta gehien irautea da, bertzeak nekatu arte. Eskoziarrei irabazteko teknika, hasieran egurra ematea da.

Zein helbururekin joan zineten? Bete al ziren?

-Parte hartzeko helburuarekin joan ginen eta helburu hori bete egin genuen. Gainera, klub artekoan dominarik lortu ez bagenuen ere, Julen Palenzuelak euskal selekzioarekin zilarrezko domina lortu zuen nazioarteko 23 urtez beheitiko 600 kiloko txapelketan.

Astean zenbat entrenamendu izaten dituzue?

-Euskal Herrikoa bezalako txapeketetan suabexeago entrenatzen dugu baina mundial bat dugunean gogor entrenatzen dugu: astean 5 egunez. Bitan soka, bertze bitan gimnasioa eta egun batez entrenamendu fisikoa.

Zein modalitate daude sokatiran?

-Taldeak bi modutara egoten ahal dira: lau lauren kontra edo zortzi zor-tziren kontra. 4x4n bi maila daude: 300kg eta 320kg. 8x8n, berriz, lau maila: 560kg, 600kg, 640kg eta 680kg. Zortzi tiralarien batura pisu hori ala gutxiago izan behar da. Tirada baino lehen, bakoitzak bere pisua mahai gainean paratu behar du.

Garrantzitsua al da taldearen pisua?

-Bai, garrantzitsua da eta altueraren arabera izaten da. Normalean, bakoitzak jarri behar du bere topea. Mundiala baino egun bat lehenago pisatzen gara eta erran bezala, txapelketetan pisu desberdinak daude. Hau da, taldekide guztien pisuaren baturak pisu jakin bat izan behar du edo guttiago. Bakoitzak bere pisua kontrolatu egin behar du, adibidez: nik “gaur 73 kg baldin baditut, txapelketarako 3-4kg bajatuko ditut larunbaterako” erran dezaket. Larunbatera arte dieta berezi bat eginen dut eta bakoitzak hori egiten duenean jakinen dugu guti goti beheiti zenbat pisatuko dugun. Lehiatzerakoan, hiru aukera daude pisuan sar-tzeko. Bigarrenean, pisuan sartzen ez bazara, ordezko bat hartzeko aukera duzu. Bertzela, talde guztiak arropa aunitz jarri eta laisterka egitera joan behar du pisua galtzeko. Pisuan sartzen ez bazara, talde guztia kanporatua egonen da.

Beraz, dieta berezia segitzen duzue.

Bai, dieta ere hagitz garrantzitsua da sokatirako. Berez, mundialerako prestatzaile fisikoa dugu eta berak jartzen dizkigu dieta berezi horiek. Gutti jatea baino, garbi jatea da kontua. Grasa edo lipidoak ahalik eta gehien murriztu behar dira eta karbohidratoak jan behar dira. Baina inoiz ez gauez. Proteinak ere jan behar dira baina grasa guttikoak: oilaskoa, indioilarra, arraina... fruitu eta barazkiak ere aunitz eta azken bi egunetan gutti jaten da eta gosea pasatzen da. Hala ere, pisatu ondotik berriro jan dezakegu.

Gertatu al zaizue noizbait, ustez eta pisuz ongi zoazten, behar baino gehiago pisatzea?

-Behin pasatu zitzaigun, Adunan. 8x8 Euskal Herriko lehiaketan izan zen. Pisatu eta ez ginen pisu mugan sartzen eta ahalik eta arropa gehien jarri eta laisterka egitera joan ginen. Badaezpada, beti eramaten dugu norbait erreserba moduan eta horrelakoetan bi aukera dituzu: bat,talde guztia pisua bajatzen saiatu edo ber-tzea, aldaketa egitea guttiago pisa-tzen duen batengatik.

Pentsatu al duzue noizbait haurren talde bat sortzea?

-Bai, gure entrenatzaile Paxkualek proposatu egin zuen baina dirua, denbora eta jendea behar da. Hala ere, etorkizunerako ideia polita izan daiteke.