tafalla - Azken lau urteetan, aurten bezala, Tafallako Ikastolako musikako irakaslea dugun Amaia Domínguez izaten da Haur eta Gaztetxoen Kantu Jaialdien antolaketaz arduratzen dena. Kantuzale Elkartearen parte izan da duela 17/18 urte inguru eta, elkartea diru-laguntzarik gabe geratu zenean, irakasle honek bere gain hartu zuen Jaialdi polit eta didaktiko hauek aurrera eramatearen lana. Ez da lan erraza eta eginez ikasiz doa. Nafarroa osoko haurren parte hartzea du helburu eta, Jaialdi hauen bitartez: eduki musikalak eta haurren ahalmenen erakustea, esperientzia ahaztezinen bitartez, hala nola euskara eta euskal kantua zabaltzea, eta Nafarroako herri ezberdinen haurrak elkarrekin euskal giro batean harremanetan jartzea... Hau guztia udal ezberdinen laguntzari esker lortu ahal izaten da eta, emanaldien antolaketa, jaialdien xarma eta arrakastari esker merezia den ahaleginean bihurtzen da.

Hona hemen aurreko urteetan Nafarroako Haur Kantari Jaialdi hauetan parte hartu zuten Tafallako Ikastolako ikasle talde batek beraien musikako irakaslea den Amaiari egindako elkarrizketa.

Kaixo Amaia. Nola hasi zinen Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantari Jaialdi hauek antolatzen?

-Oker ez banago, 1982. urtean Eugenio Arraizak Kantuzale Elkartea sortu zuen eta hau, hortik gutxira eta beste euskal ekitaldi ezberdinekin batera, Euskal Kantu Txapelketak antolatzen hasi zen, bai Haurren Txapelketak bai Helduen Txapelketak, Nafarroa osoan zehar. Handik aurrera urtero ospatu izan dira bi Txapelketa hauek. Denborarekin lehiakortasun handiegia zegoela ikusi zen eta Haur Kantari Txapelketa, Haur Kantari Jaialdia izatera pasa zen, emanaldi hauen funtsa ez baita hura, gure kulturaren parte den euskal musikarekin eta ikasi eta gozatzea baizik. Epaimahai kide bezala hasi nintzen jaialdietan eta berehala Elkartearen bazkide bihurtu nintzen. Irakasle bezala nire iri-tzia ematen nuen antolatzen ziren bileretan, laguntzeko helburuarekin. Beti egon da pertsona bat emanaldi eder hauek antolatzen, bere soldatarekin, lan bat bezala. Nik ezagutu ditudanak: Oskar Estanga eta Juan Vélez izan dira. Baina duela 5 urte Nafar Gobernutik diru laguntzak desagertu ziren eta bertan behera geratu ziren. Orduan erreakzionatu nuen eta nire irakasle-soldata izatean horko diruaren beharrik ez dudanez, neure ikasleen eta Nafarroako haur eta gaztetxoen gogoak eta ilusioak bultzatuta, nire gain hartzea erabaki nuen.

Asko kostatzen da jaialdien antolaketa?

-Jaialdia heldu arte lan handia egin behar da. Eguna heltzen denean, Jaialdia hasi aurretik, tentsio puntu bat ere sentitzen da, dena ongi antolatuta dagoela ikusi arte. Baina, hori bai, behin jaialdia hasiz gero, lasaitu eta disfrutatzeko unea heltzen da eta nik horixe egiten dut, ikuslego alaia ikustean, partaideen ilusioa eta artea sentitzean? Beti merezitako lanean bihurtzen da eta hurrengo bat antolatzeko gogoak indartzen dira.

Zure ikasleak prestatzea asko kostatzen zaizu?

-Ba, ez gutxi: ikasturte hasierako oharretik hasita, taldeak antolatu, abestiak aukeratu eta ondoren egokitu, asteroko patioko orduetan entseatu, kanta ezberdinak lagunduko dituen instrumentu joleak bilatu, beraientzat partiturak sortu eta egokitu, bakoitzarekin entseatu, Entsegu Orokorrak? Uff, egia esan, ni neu ere nekatzen naiz hau kontatzen dizuedan bitartean, kar kar. Baina gustuko lana daukadanez eta beti emaitza politak lortzen direnez, gogotsu ibiltzen naiz urtero.

Nola izaten da Jaialdi Nagusirako aukeraketa?

-Epaimahairik ez dagoenez eta nire helburua izaten denez abestuz gozatzea eta zentro guztietatik jendea pozik geratzea (nahiz eta, jakina, artista guztiek ezin duten Jaialdi Nagusian parte hartu), ikastetxe bakoitzetik kanta bat aukeratzen da eta, nahiz eta nire iritzia eman, prestatzaile bakoitza izango da azken erabakia hartzen duena, bere zentrotik zein kanta pasako den erabakitzea. Horretarako, entseguak serio hartzen, irakasleari kasu, eta ahalik eta hoberen egiten saiatu behar da talde, bikote edo bakarlari bakoitza.

Garrantzia ematen al zaio abesti motari?

-Abestiaren izaerak ez du garran-tzirik, abesti hura nola interpretatzen den baizik: zer transmititzen den abestian zehar, afinazioa, ahots ezberdinak egotekotan hauen zailtasuna ere kontuan hartzen da, instrumentazioa? Gauza ugari hartzen dira kontuan baina, beti ere, abesten gozatzearen helburuarekin!