BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateak V. Ikerkuntza Jardunaldiak ospatuko ditu asteazkenean eta ostegunean, apirilaren 6an eta 7an, Leioako campusean, bere ikerketa taldeen lan ildoak, lortutako emaitza garrantzitsuenak eta etorkizuneko proiektuak erakusteko.

Jardunaldien helburuak, ikasleen artean ikerkuntza bokazioak piztea eta ikertzaileen lan arloak ezagutzera ematea dira. Era berean, ikerkuntza taldeek informazioa eguneratzeko ere balioko dute, eta hori kolaborazio berrietarako eta etorkizuneko jakintza alor anitzeko proiektuetarako lagungarri izango da, EHUk jakinarazi duenez.

Ekitaldi nagusia asteazken honetan izango da, eguerdiko 12:00etan, Paraninfoan, Carmelo Garitaonandia Bizkaiko campuseko errektoreordearen, Amaia Esquisabel Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendariaren, Esther Dominguez Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoaren eta Maria Jose Sanz bc3 Basque Centre for Climate Change erakundeko zuzendari zientifikoaren parte hartzearekin. Hain zuzen, Sanzek emango du jardunaldien inaugurazio hitzaldia, "Los retos del Cambio Climático: Un largo camino hasta París" izenburupean.