DONOSTIA. Gastronomia Zientzietako graduondoko bat da, 90 kredituko iraupena du, eta ikerketarako bokazioa duten hainbat diziplinatako gradudunei eta lizentziadunei zuzenduta dago.
Gastronomiaren, ostalaritzaren eta elikaduraren sektoreko ikerketan espezializatzeko lehen masterra da, eta alor horietako ikerkuntzan eta berrikuntzan lan egiteko ikasleak profesional gaitu bihurtzea du helburu. Gainera, irakasleei eta doktoreei ere zuzenduta dago, BCCk jakinarazi duenez.
Masterrak urte eta erdiko iraupena du. Lehen ikasturtean (60 ECTS) aurrez aurreko eskolak emango dira, irailetik ekainera, Basque Culinary Centerren, eta bigarren ikasturtean (30 ECTS), irailetik otsailera, ikasleak master amaierako proiektua eta praktikak egin beharko ditu sektoreko Espainiako eta nazioarteko enpresetan.
HEZKUNTZA EREDUA
Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Zientzien Fakultateak eta elikaduraren eta gastronomiaren esparruko Ikerketa eta Berrikuntza Zentroak osatzen dute Basque Culinary Center, eta masterra Mondragon Unibertsitatearen hezkuntza ereduan oinarritzen da. Eredu hori nagusiki praktikoa da, eta ikasleari lanbide bizitzan eskatuko zaizkion gaitasunetan dago oinarrituta. Bertan, eginez ikasten da, talde-lanaren bidez, benetako proiektuak eginez, ekintzailetza bultzatuz eta autonomia eta erabakiak hartzea sustatuz.
Irakasle koadroa masterraren eremuko hainbat alorretako lanbide munduan eta irakaskuntzan esperientzia luzea duten irakasle doktoreek osatzen dute. Masterrak gastronomiaren eta elikaduraren sektorean produktu berriak garatzeko ezagutzak eta tresnak emango dizkie ikasleei, baita gastronomian erabiltzeko ezagutza zientifiko eta teknologikoak ere. Horri esker, proposamen koherente eta berritzaileak sortu ahal izango dituzte, eta elikaduraren inguruko egungo joerak ezagutu, gastronomiaren, elikaduraren eta jatetxeen sektorean ikerketa eta berrikuntza kudeatzeko.
Tituluak "ateak irekitzen ditu elikaduraren, gastronomiaren eta ostalaritzaren sektoreetako hainbat arlotan", hala nola elikadurari, gastronomiari eta sukaldaritza arteei buruzko irakaskuntzan eta ikerkuntzan; elikadura enpresetako produkzioko departamentu teknikoetan; elikaduraren arloko ikerketa zentroetan edo zentro teknologikoetan; elikadurako produktu berriak garatzeko departamentu teknikoetan, elikadura industriako eta jatetxeetako I+G+B departamentuetan; eta elikadura sektoreko kontsultoretza profesionaletan.