DONOSTIA. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak On appétit! ekimenaren bigarren edizioa aurkeztu du, eta oraingoan, Materako (Italia) Osteria Pico jatetxeko Enza Leone izango da gonbidatutako sukaldariburua, eta Gasteizko Zaldiaran jatetxeko Patxi Ezeiza anfitrioia. Italiako chefak "oso proposamen gustagarria" prestatu du datorren ostiraleko afari-tailerrerako, eta astean biziko dituen esperientziak hartuko ditu oinarri larunbateko dastaketako jaki izarra sortzeko.
On appétit! Donostia 2016ko "proposamen zaporetsuenetako bat da", Euskal Herriko eta Europako sukaldaritzak bateratzea helburutzat duena. Aurtengo otsailean hasi zen Tomasz Hartman eta Michal Czekajlo sukaldarien bisitarekin.
Poloniako Wroclaw hiritik etorri ziren Food Think Tank deritzonaren bi ordezkariak, eta astebetez Donostiako merkatu, jatetxe eta elkarteetan bilatu zuten inspirazioa; horrez gain, Elena Arzaken etxean ere egon ziren, baita zenbait sagardotegi, arrain lonja eta museotan ere. Herritar ugarik haien jaki tradizionalez gozatzeko aukera izan zuten lantegi-afarian, baita haien errezeta euskal-poloniar berritzaileenaz ere 'show cooking' saioan.
Zaporeak, osagaiak, errezetak eta esperientziak trukatzeko proiektu honen bigarren edizioan, euskal gastronomia Italiakoarekin bateratuko da Enza Leonek ekarriko dituen proposamenei esker. Italiako Matera hiriko Osteria Pico jatetxearen chefa da Leone; hiri hori, hain zuzen, Europako Kultur Hiriburua izango da 2019an.
ARABAKO GASTRONOMIA
Enza Leonek, ostiralera bitartean, Arabako gastronomiako sekretu baliotsuenak ezagutuko ditu Patxi Ezeiza sukaldariaren eskutik. Ezeiza Gasteizko Zaldiaran jatetxeko chefa da; Michelin izar bat du jatetxeak. Beste osagai batzurekin batera, Arabako patata, babarrun gorria, Añanako gatza eta Arabako txakolina inspirazio izango ditu sukaldari italiarrak larunbatean, hilaren 12an, Donostia 2016ren egoitzan, 19:00etan, izango den show cookingaren errezetak erabakitzeko; dastatzeko aukera ere izango da ekitaldi horretan.
Jarduera horretan herritarrek Italiako errezeta klasiko batzuk prestatzeko aukera izango dute, baina Enza Leonek aurreko egunetan ezagutu dituen produktuetara egokituta egongo dira errezeta horiek. Erakusketaren ostean, haietako batzuk dastatzeko aukera ere egongo da. Jardueran edonork parte hartu ahal izango du, eta doakoa izango da. Nolanahi ere, gehienez 200 lagunentzako tokia izango da.
Halaber, asteartetik ostegunera bitartean, Enza Leone Arabako gastronomiaren toki adierazgarrienetan ibiliko da inspirazio bila, Patxi Ezeizak gidatuta. Ostiralean, hilaren 11n, Donostian izango da afari-tailerra antolatzeko, Vasconia gastronomia elkartean. Jarduera hori "bidaia bat izango da Italiako gastronomian barrena". Hala, hainbat jaki tradizional nola prestatzen dituen ikusiko dute bertaratutakoek, eta ondoren horiez gozatzeko aukera ere egongo da. Hitzordua 20:30ean izango da eta sarrera aldez aurretik erosi beharko da proiektuaren webgunean (onappetit.eu) 19,80 eurotan.