BILBO. "Elikatu esperantza" da konboi solidarioaren goiburua, eta zazpi trailer, kamioi bi, furgoi bat eta mendiko ibilgailu bi izango dira 240 tona elikagai, arropa, burusi eta ibilgailuen ordezko pieza Tindoufeko kanpamenduetara garraiatuko dituztenak.
Konboia Alacanteko portuan batuko da estatuko beste leku batzuetatik heldutako gainerako karabanekin, denak batera irteteko Oranera (Aljeria) bidean. Oranetik 2.000 kilometro egin beharko dituzte Tindoufeko (Aljeriako hegoaldea) kanpamenduetara heltzeko. Lau eguneko ibilbidea da guztira, eta maiatzean heltzea espero dute.
Karabanaren aurkezpenean azaldu dutenez, beste edizio batzuetan bezala, Bilboko Udalak 35.000 euroko diru laguntza eman du proiekturako, elikagaiak ziurtatzeko kanpamenduetan errefuxiatutako sahararrei. Era berean, Bilboko Udalak urtero antolatzen ditu Saharako herriaren aldeko elkartasunezko ekimenak, familiek udan Saharako adingabeak jasotzeko "Oporrak Bakean" programa, esaterako.
Sahararanzko irteera Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa Bir Lehlun sortu zeneko 40. urteurrenean egingo da. Bitarte horretan okerrera jo dute gauzak; larriagotuz joan da Aljeriako basamortuko errefuxiatuen kanpamenduetan eta Saharako lurralde okupatuetan bizi duten ezbehar humanitarioa. Saharar herriak lau hamarkada daramatza basamortuan bizitzen, nazioarteko legeek onartutako autodeterminazio eskubideaz noiz baliatuko zain.