NAFARROA. 2016-2017 ikasturtean Gradu ikasketak Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi nahi dituztenek heldu den ekainean egingo dute aurreinskripzioa. Horrez gain, dauden Gradu titulazioak ezagutarazteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ateak Zabaltzeko hiru egun antolatu ditu hurrengo udaberrirako (bat, Tuterako campusean, apirilaren 9an, larunbatez; eta bi, Iruñeko campusean, apirilaren 16 eta 23an, biak larunbatez.

Egun horietan orientazio-hitzaldiak emango dira 2016-2017 ikasturtean emango diren 18 Graduei eta bi Gradu bikoitzei buruz. Jardunaldi horiek hurrengo ikasturtean Unibertsitatean hasi nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta daude.Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2016-2017 ikasturterako daukan irakaskuntza-eskaintzaren aurkezpenean jakinarazi zien informazioa Nafarroako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendari, irakasle eta orientatzaileei. Lan saio honetan pare hartu zuten Cristina Bayona Sáez (Ikasleen gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako) errektoreordeak, eta Carmen Jarén Ceballos (Irakaskuntzarako) errektoreordeak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak jada ez du aurreinskripzio-aste aurreraturik antolatzen apirilean. Aurreinskripzio aurreratua kudeatzen zuen aplikazio informatikoaren kostu ekonomiko handia dela-eta, Unibertsitateak aurreinskripzio aurreratu hura kendu zuen 2013an eta ekaineko ohiko inskripzioa lehen bezala utzi zuen (eta uztailean, ohiz kanpokoak) Nafarroako Unibertsitate Publikoan Gradu titulu bat egin nahi dutenentzat.

Bi campusetako Ateak Zabaltzeko Egunak

Ateak Zabaltzeko Egunetan parte hartzeko aukera dute bai etorkizuneko unibertsitateko ikasleek bai haien gurasoek. Ikastegien eta titulazioen arabera antolaturik daude, eta ematen diren ikasketei buruzko informazio hitzaldiak ematen dira, unibertsitateko instalazioak bisitatzen dira, bereziki laborategiak eta lantegiak, ingeniaritzen eta osasunaren arloko graduen kasuan. Halaber, horretarako interesa daukatenek Iruñeko Arrosadiko Campuseko kirol instalazioak eta Urkiak Unibertsitate Egoitza ikusteko aukera ere izango dute.Zehazki, apirilaren 9an, larunbatez, Tuterako campuseko (Tarazonako etorbidea, z/g) ekitaldiak Erriberako hiriburuan ematen diren bi titulazio hauek ezagutzeko interesdunak hartuko ditu: Fisioterapia eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza.

Egun hauek hiru aste geroago edukiko dute segida, apirilaren 16an, Iruñeko campusean. Egun hartan titulazio hauei buruzko informazio-saioak izango dira: Osasun Zientzien Fakultateko titulazioei buruz (Erizaintza eta Fisioterapia), Zientzia Juridikoen Fakultateko titulazioei buruz (Zuzenbidea, Lan Harremanak eta Giza Baliabideak eta Zuzenbideko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradu bikoitza), Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatekoei buruz (Haur Hezkuntzako irakaslea, Lehen Hezkuntzako irakaslea, Gizarte Lana eta Soziologia Aplikatua) eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoei buruz (Ekonomia, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, Zuzenbidea eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren gradu bikoitza, Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren nazioarteko programa elebiduna, eta Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren Gradu bikoitz eta elebiduna).

Halaber, apirilaren 23an, larunbatean, informazio-saioak izango dira beste titulazio hauei buruz: Nekazaritza Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko graduei buruz (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza eta Elikagaien Prozesuen eta Produktuen Berrikuntza), eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikokoei buruz (Ingeniaritza Mekanikoa, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoaren Diseinua, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza eta Ingeniaritza Informatikoa).