BILBO. Estefanía Beltrán de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Genero Ikuspegia Euskadiko Polizian izeneko jardunaldia inauguratuko du asteazkenean, abenduaren 16an, Bilbon. Emakumeek poliziaren esparruan duten presentziari lotutako gai guztien inguruko azterketa sustatzeko eta, hala, Ertzaintzaren baitan genero ikuspegia garatzeko antolatu da jardunaldia.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, asmoa da jardunaldia "elkargune bat" izatea eredu polizial desberdinen inguruan berdintasunetik hausnartzeko eta Europako polizien berdintasun politikak, emakumeek Ertzaintzan duten egoera eta Euskadiko Poliziaren Legearen aldaketak aztertzeko, bereziki nabarmenduz zer abantaila dakarkien emakumeen presentzia indartzeak polizia erakundeei eta gizarteari.
Topaketa Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan egingo da, 09:00etatik 14:00etara bitartean. Segurtasun sailburuak jardunaldia inauguratu ostean, Arantza Montero Ertzaintzako ofizialak eta Teresa Gil Madrilgo Udaltzaingoko ikuskatzaileordeak hitzaldi bana emango dute. Zehazki, berdintasun politikek Europako polizietan eragindako esperientzia eta errealitateei buruz arituko dira.
Ondoren, Irene Yaben eta Iñaki Viñuela Ertzaintzan berdintasun politikak sustatzeko mahaiko kideek azalduko dute zer egoera duten emakumeek gaur egun Euskadiko polizian.
Jarraian, Segurtasun Saileko Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendari Eugenio Artetxe Polizia Legearen aldaketei buruz mintzatuko da, bai eta horrek dakartzan etorkizuneko aukeren inguruan ere.
Jardunaldia amaitzeko, mahai inguru bat antolatu dute, non erakunde polizialetan emakumeen presentzia sustatzeari buruz eta horrek erakundeoi eta gizarteari dakarzkien abantailei buruz jardungo duten. Mahai inguruan, Artetxerekin batera, María Silvestre Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Juana Balmaseda genero gaietan ikasitako abokatu eta Legelarien Euskal Kontseiluko ordezkaria arituko dira. Moderatzaile lanak Segurtasun Saileko Berdintasun teknikari Josune Ortizek egingo ditu.
Iñaki Gurtubai Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen agerraldiarekin bukatuko da topaketa.