iruña - Finlandiarra zara baina Islandiako literatura nazionala sarira izendatua izan zara. Zergatik Islandia?

-Gaztea nintzenean iparraldeko urekiko lilura sentitu nuen, batez ere literaturaren bidez. Eta irakurri nituen liburuetako asko Islandiakoak ziren. Kanpora bidaiatzeko aukera izan nuenenean Islandia aukeratu nuen. Eskulangile moduan egin nuen lan bertan lehendabizi eta ondoren islandiera ikastean zurgin irakasle aritu nintzen. Oso garai polita izan zen. Nire emaztea ere bertan ezagutu nuen, islandiarra da bera, eta nagusia hau dela eta harreman handia dut herrialde honekin.

Euskaldunen pasarteari dagokionez, zergatik aukeratu duzu Islandiako gertakari hau? Zerk erakarri zaitu hainbeste?

-Ísafjörður herrian bizitu nintzen, euskal baleazaleak akabatuak izan ziren lekutik gertu. Pasartea bertan entzun nuen eta gogaitu egin ninduen: nola zitekeen pertsona langile, zintzo eta abegitsu hauen arbasoek horrelako zerbait egitea. Finlandian hazi nintzen, kostako herri batean eta honako hau ikasten dugu txikitatik: norbait estualdian badago itsasoan, ahal dugun guztia egingo dugu laguntzeko. Hori dela eta, gertaera honek harritu egin ninduen eta honen inguruan ikerketa bat egin behar litzatekeela pentsatu nuen. Azkenean ohartu nintzen ni neu hori egiteko gai nintzela.

Lehen jende gutxik zekien honen berri, eta azken aldian oihartzun handia izan duen gaia da Euskal Herrian. Baita Islandian ere?

-Bai, baleazaleen istorioak eta islandiar eta euskaldunen arteko ondorengo harremanak telebista, egunkari eta irratietan atera dira. Westfjordera hurbiltzen diren turistei kontatu ohi zaien istorioa da gainera. Nire nobela 2012an islandierara itzuli zenean bertako jende askok esan zuen bazela hau plazaratzeko garaia. Islandiarrak lotsarazten dituen pasarte bat da eta istorio hau ikertzean eta zergatiak argitaratzean memoria garbitu da eta erruduntasuna arindu da.

Ze estereotipo zuten duela 400 urte islandiarrek euskaldunekiko eta zer transmititu da belaunaldiz belaunaldi?

-Oso gutxi dakigu horren inguruan. Nik uste dut ingelesak edo holandesak izan baziren, eta ez euskaldunak, ez zirela hauek akabatzera iritsiko, hizkuntzen antzekotasun handiagoa dela eta elkar ulertzeko errazago baitzuten. Hizkuntza oztopo handia zen. Agian, islandiar haiek ez zuten lehendik euskaldunekin harremanik eta garai hartan ohikoak ziren janari, ontzi eta emakume lapurtzat hartuko zituzten. Gainera, nik uste euskaldunen janzkera islandiarrena baino dotoreagoa zela eta jokaeran ere genio handiagoa zutela eta espresiboagoak zirela eta horrek mesfidantza sortu zien islandiarrei. Euskaldunek baleontzia zuten tokiak Strákatangi izena du, mutilen lurmuturra. Baina ez zuten mutil esateko hitz arrunta erabili, Strakur hitza erabili zuten, mutil bihurri edo portaera txarreko esan nahi duena.

Zuk zeuk bazenuen Euskal Herriarekin loturarik edo berririk aurretik?

-Haurra nintzela euskaldunei buruzko liburu bat irakurri nuen. Honetaz gain, 70.hamarkadan Euskal Herriko gatazka politikoa egunkari eta komunikabide guztietan zegoen. Gogoan dut oso bidegabea iruditu zitzaigula euskaldunei beraien hizkuntza erabiltzen ez uztea. Beraz, begikotasun handia izan diot beti Euskal Herriari, nahiz eta lehen aldiz 2010ean iritsi nintzen bertara.

Bitxikeria ugari dituen istorioa. Zer egin zaizu deigarrien?

-Agian elkar komunikatzeko sortu zuten hiztegi moduko Euskara-Islandiera pidgina.

Bizimodu gogorra zuten garai hartan bai euskaldun eta bai islandiarrek. Azalduko al zenituzke ezaugarria, ohitura eta sinesmenak?

-Nire ustez ezberdintasun nagusia zen islandiarrak garai hartan erabat isolatuak zeudela. Nekazariak ziren eta denbora zutenean soilik arran-tzatzen zuten. Aldiz, euskaldunak herrialde arrantzalea ziren eta asko bidaiatzen zuten. Baina bazuten berdintasun nagusi bat, beraien herrialdekoa ez zen errege baten menpe zeuden gutxiengo bat ziren. Bi herrialdeek oso gustuko zituzten indarra neurtzeko ziren probak, harri jasotzea esaterako. Kulturari dagokionez, ahozko narrazio eta errimazko poesia egiteko ohitura handia izan dute eta dute oraindik bai Euskal Herrian eta baita Islandian ere. Bi herrialdeentzat hizkun-tza ezinbestekoa izan da eta da. Bestalde, garai hartan erlijioa oso garrantzitsua zen Europa osoan, baina islandiarrak ez ziren bereziki luterano sinestunak, ezta euskaldunak ere katoliko sinestunak. Bai euskaldunek eta baita islandiarrek ere beraien sinesmen eta ohitura propioak zituzten, patuan eta naturako pertsonaietan fede handia zuten, euskal lamietan esaterako. Islandian ere antzeko pertsonaia mitologiko bat dute, “ezkutatutako jendea” deitzen diote, baina ez dituzte ahate hankak Euskal Herrian bezala.

Zein bitarteko eta pausu jarraitu dituzu 400 urteren ondoren informazioa lortzeko? Nora jo duzu eta zeinen laguntza izan duzu?

-Aintzinako Finlandiako bizimoduaren inguruko ikerketa sakona egina nuen eta horrek asko lagundu zidan. Artxiboen irakurketa, museoak, toki zaharrak eta garaiko etxeak bisitatzeak eta, noski, ondoren guzti hori nire buruan antolatu eta imajinatzeak ere bai. Nola ez Euskal Herria ezagutu beharra neukan eta horretan Donostiako Untzi Museoko eta Albaolako lagunen laguntza izan nuen. Islandiara ere bidaiatu nuen gertaera honetako toki errealak ikustera.

Liburua finlandieraz, euskaraz eta ingelesez izango da. Nori zuzendua dago eta zein helbururekin?

-Euskal historiaren eta balea arran-tzaren inguruan jakin nahi duen gazte orori dago zuzendua. Gartzia deituriko 14 urteko gazte baten ikuspuntutik kontatzen da, upelgintza ikasten ari da bera eta baleontzi honetan doa. Tripulazioko kiderik gazteena izanik ezin ditu erabakiak aldatu, baina gertatzen ari den guztiaz eta dituzten arazo guztiez ohar-tzen da bera. Liburu honetatik ondorio orokor hau ateratzen: gainon-tzeko pertsonei entzuten jakitea eta zaren baino garrantzitsuagoa izaten ez saiatu. Euskaldunek ez zuten jakin une zail horretan erabakiak aho batez hartzen eta parte handi batean horrek eraman zituen suntsipenera.