Ez da giro. Euriak eta haizeak ez dute atsedenik hartzen. Ez dago arimarik San Migelen. Argazkiak egin ondoren, mahaiaren ingurura bildu dira Iruñea, Gasteiz, Bilbao eta Donostiako alkateak. Ez da behar hitzaurre handirik. Hizkuntza berean hitz egiteak ematen duen konplizitateak berotu du kanpotik datorren giro hotza.
Lauak zarete alkate lehen aldikoz. Zer aurkitu duzue euskararen erabileraren aldetik udal bakoitzean?
-Joseba Asiron: Guk aurkitu dugu hiri bat non 24 urtez eskuin bortitz batek gobernatu izan duen. Topatu dugun paisaia linguistikoa da suntsitzailea. Badago inoiz bete ez den Euskararen Ordenantza eta azken urteetan zerbait mugitu bada izan da instituzioen gainetik. Gaur entzuten da inoiz baino gehiago euskara kaleetan, baina hau ez da izan erakundeek egindako lanari esker, inolaz ere.
-Gorka Urtaran: Gasteizko kasuan ezberdina izan da, nahiz eta han ere eskuina egon den azken lau urteetan. 2013. urtean, aho batez onartu genuen Euskara Biziberritzeko Plana eta horrek markatzen du ibilbide orria datozen urteetarako. Baina esan beharra dago Gasteizen euskara gutxi entzuten dela. Apustu irmoa egin behar dugu.
-Juan Mari Aburto: Bilboko udalean jaso dudan herentzia ona da, euskararen alorrean ere bai. Euskararen inguruan dauden mugimenduekin harreman ona egon da, eta nik nahi ditut babestu harreman horiek eta sakondu. Aurrekontuen aldetik euskarari dedikatzen diogun kopurua ez da izan oso altua. Auzo batzuetan diru gehiago sartu behar dugu euskararen erabilpena susta-tzeko. Gure erronka nagusia da Bilbon euskara entzutea. Bilbao euskalduna da agintaldi honetarako aukeratu dugun hamar ardatzetako bat.
-Eneko Goia: Ibilbide luze batean lan asko eginda dago Donostian. Eta egin da kolore politiko ezberdinen arteko adostasunak lortuaz. Zeinu ezberdineko alkatetzak izan ditugu Donostian, baina bai egon dela apustu jarraitu bat, gainera aho batez aurrera egin duena. Donostiak Euskararen hiria leloa hartu du beretzat, baina aitortu beharra dago, beste hiriburuetan bezala, arazo bat daukagula, ezagutza maila eta erabileraren arteko desoreka hori. Erronka nagusia da sortzea baldin-tzak erabilera hori eman dadin gure hirian.
Euskara lan hizkuntza bezala hartuta, posible da zuen udaletan lan prozesuren bat euskaraz lantzea osorik?
-E.G.: Gurean bai. Gurean badaude lauzpabost arlo bereziki, bakarrik euskaraz egiten dituztenak prozesu guztiak, Euskal arloak. Baina oraindik gutxi dira.
-J.M.A.: Prozesu bat hasieratik amaitu arte euskaraz lantzeko zailtasunak ditugu. Horregatik landu behar dugu barruko ikuspuntua, prozesu batzuk martxan jartzeko eta behar diren baliabideak jartzeko.
-J.A.: Iruñean, egingo dena eraiki egin beharko dugu.
Zuek lauak euskal hiztunak zarete eta jendearekin harremanean pasatzen duzue denborarik gehiena. Ze pisu du zuengan euskarak?
-J.A.: Nire kasuan ikastola batean lan egitetik nator. Beraz, ohituta nago goizean seme-alabekin euskaraz egitera, nik eramaten nituen ikastolara, ikastolan egun santu guztian euskaraz egiten nuen eta bueltan ere bai. Orain, Iruñeko karriketan eta udaletxean bertan euskaraz normaltasunez egiteko aukera badut. Oposizioarekin ez, baina funtzionarioekin, gure artean, langileekin, bai.
-G.U.: Topatzen duzu jende asko euskara dakiena, baina gero hitz egiterakoan erdera erabiltzen duena. Askotan, nahiz eta solaskidea euskalduna izan, erderara jotzen duzu. Ni euskaldun berria naiz, euskaltegian euskaldundu nintzen. Eta orduan, erraztasunaren aldetik, jariotasunaren aldetik, hiztegiaren aldetik, askoz errazagoa da gaztelania erabiltzea euskara baino. Nik alkate bezala ditudan harremanak, Gasteizko herritarrekin, normalean erdaraz izaten dira.
-J.M.A.: Nik nabaritzen dudana da poztasuna, Bilboko alkatea lehen aldiz da euskalduna. Jendeak esker-tzen du ekitaldietara joaten denean euskarak presentziaren bat eduki-tzea, eta ni saiatzen naiz hori egiten. Gorkak dioen bezala, nik zailtasun handiagoa daukat euskaraz hitz egiteko, eta gauza teknikoak direnean kostatzen zait euskaraz egitea. Nahiago dut, edo argudio gehiago daukat erdaraz azaltzeko.
-E.G.: Ni ikastolako semea naiz eta betidanik hitz egin dut bata zein bestea normaltasun osoz. Batzuekin gaztelaniaz, besteekin euskaraz. Alkatetza arloan, kolaboratzaile talderik estuenarekin gehiena euskaraz egiten dugu, denak euskaldunak garelako. Eta hiritarrak hartzerakoan, ba beraien aukeraren arabera. Nik uste dut, hala ere, Donostian badagoela joera bat euskaraz dakienak euskarara jotzeko, baldin badaki aurrean duena ere euskalduna dela. Dezente gainera.
Lau hiriburuetako alkateak ikurrak zarete euskararen kontu honetan. Kontziente zarete euskararekiko erantzukizun horretaz?
-J.A.: Bai. Kontzientea naiz. Iruñean pentsa lehen aldia dela alkate aber-tzale eta euskalduna dagoela. Lan handia egin da alkatetzara iristeko, eta niri tokatu zait momentu egokienean eta tokirik egokienean egotea. Bai, kontziente naiz politikoki bai linguistikoki ikurra naizela.
Eta zer modutan pentsatzen duzu egin beharko liratekeela gauzak Iruñean eta Nafarroan euskararen arlo honetan?
-J.A.: Gizartea joan da instituzioen aurretik. Orain, instituzioak jarri gaitezke ez bakarrik gizartearen parean, baizik eta aurretik ere, lideratzeko prozesu hori. Eta hori da kontu bat adierazten duena zein momentu garrantzitsutan gauden.
-G.U.: Euskal jendearentzat pozgarria da bere alkatea euskaraz hitz egiten entzutea prentsaurreko batean edo ekitaldi batetan. Hainbat elkarrizketa euskaldun jendearekin euskaraz egiten dugu. Eta azken helburua da, Gasteizen behintzat, bermatzea euskaraz bizi nahi duen hiritar orok izango duela bere eremua euskaraz bizitzeko. Eta eremu formalean bermatu behar dugu euskararen erabilera, eskubide hori.
-J.M.A.: Jendeak nahi du zu euskalduna bazara, ba euskaldun petoa izatea, nabaritzea euskalduna zarela eta hori ardura eta erantzukizuna da. Badakit akats asko egiten ditudala, baina niretzako inportantea da harremanak euskaraz izatea.
-E.G.: Ikurra izatearen kontzien-tzia, erabatekoa. Saiatzen naiz ditudan agerraldietan beti bi hizkuntzetan egiten eta neurri berean, gutxienez. Atzerrian egonda ere nik neure lehen hitzak beti euskaraz egiten ditut, jarraian bertako hizkuntzan, azaltzeko horrek egiten gaituela, ez hobeak eta ez okerragoak, baina bai ezberdinak. Donostiako udaletxean, zorionez, hori posible da baita PPrekin ere, eta talde sozialistarekin eta Irabazirekin.
-J.M.A.: Horrek izan beharko luke eredua guztiontzako: euskara guztion ondarea da eta guztiok babestu behar dugu, hor daukagu oso eredu polita.
Joseba, Nafarroan eta Iruñean denon gauza bat bezala hartzen da euskara, edo oraindik ere gizartearen zati baten gauza bat bezala?
-J.A.: Uste dut jende gehienak pentsatzen duela euskara gurea dela, baina zerbait abstraktu bezala. Orain dela 150 urte, demagun, bazegoen kontzientzia hori orain baino markatuagoa. Orain, azken urteetan egon den kanpaina basati baten ondorioz, nik uste dut kontzientzia hori pixka bat atzera joan dela, beste zati batek kontzientzia gehiago hartzen zuen bitartean.
Politikoki zer garrantzia ematen diozue euskararen inguruan izan diren adostasunei?
-G.U.: Klaro inportantea dela kontsentsu bat egotea euskararen inguruan, baina horrekin ez da nahikoa. Gasteizen ere 90. urteen inguruan egon zen gizarte mugimendu bat euskararen kontra, Unidad Alavesa alderdiaren inguruan. Hori, zorionez, guztiz gaindituta dago.
-J.M.A.: Helburu bat jarri behar dugu hobetzeko; berba egiten ari gara eskubideei buruz. Pertsonen eskubidea da euskaraz harremanak edukitzea administrazioekin. Eta, dakigunez, kasu askotan hori ez da betetzen. Bestetik, esaten dugu euskara guztion ondarea dela, baina batzuk pentsatzen dute ondare historiko bat dela. Ondarea da, bai, baina ondare bizia. Eta babestu eta sustatu behar dugu. Bultzakada emateko beharrezkoak dira adostasunak, baina iparra galdu gabe.
-E.G.: Oreka bat bilatu behar da, nahiz eta oreka non dagoen jakitea gauza konplikatuagoa den. Eta adostasuna edukitzea inportantea da aurrera egiteko orduan. Baina adi egon behar dugu, adostasunaren ai-tzakia horretan ezer ez egiteko arriskua dagoelako, eta hori ez da alternatiba. Norbaitek akuilua sartu behar du.
-G.U.: Ez gara bakarrik eskubideetaz ari, gure nortasunaren oinarria da euskara. Euskara ikasi baino lehen nik abertzale bezala jotzen nuen neure burua baina ez nintzen euskalduna eta horrek barruko mina sortzen zidan.
-E.G.: Bada Ibarretxe lehendakariak erabiltzen zuen argudio bat, niri asko gustatzen zitzaidana: euskara da munduari eskaintzen diogun altxor bat. Ez da bakarrik gurea, da munduarena. Eta guk daukagu ardura altxor hori zaintzeko eta mantentzeko.
Joseba, itxura ematen du Nafarroan sektore batzuk ikur bat egin nahi dutela euskararen aurka.
-J.A.: Benetako aldaketa politikoa ez da Iruñean bakarrik gertatu. Nafarroako 20 herririk handienetatik 19 galdu ditu UPNk. Horrek ematen du neurria zer nolako aldaketa eman den. Hauek esaten zuten: gure atzetik etorriko da munduaren bukaera. Ba gu sartu gara Tuteran, Tafallan, Iruñean, Oliten, Zangozan, Lizarran eta ez da deus ere gertatu. Normaltasunez egin dira gauzak. Orduan, artikulatu behar dute diskurtsoa. Zein izan daiteke orain bota dezaketen mezua? Ba euskaldundu nahi gaituztela indarrez. Hori da diskurtsoa baina denborarekin ikusiko da guk nahi dugula joan euskararen normalizazio batera, Nafarroa osoan nafar guztiek eskubide linguistiko berdinak izateko. Baina inposaketarik inondik ere ez.